Gizartea
Alerta laranja
Alerta laranja, 7 metrorainoko olatuengatik
Erredakzioa
Donostian Krisi Mahaiak bilera du goizean olatuek eta Urumearen egoerak sor ditzakeen arazoei aurrea hartzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du astelehen eta astearte hauetarako (urtarrilaren 27rako eta 28rako), itsasaldean, zazpi metrorainoko olatuak heltzea iragarrita dago eta. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ere izango du ezarrita bi egun horietan, barnealdean elurra egin lezake eta, prentsa-ohar batean jakinarazi dutenez. Hain justu, olatuei zein Urumea ibaiaren egoerari begira daude Donostian eta gaur goizean bilduko da Krisi Mahaia.
Euskalmeten arabera, astelehenean eta asteartean zerua oso estalita egongo da, eta prezipitazioak sarri eta ugari botako ditu isurialde atlantikoan egunaren bigarren zatian. Gainera, ekaitzak jo lezake.
Astelehenerako, bost metroko olatuak espero dituzte goizaldean, baina goizean zehar handitu eta egunaren bigarren zatian sei edo zazpi metrokoak izango dira. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4,5 metroko olatuak altxatuko ditu, eta arratsaldean 5-6 metroko altuera hartuko dute. Olatuen maiztasuna 16-17 segundokoa izango da.
Elur-kota, gainera, azkar jaitsiko da astelehen goizaldean, 1.300-1.500 metroko mailatik 900-1.000 metrokora, eta eguerdian 800-900 metrora kokatuko da. Arratsaldean, behera egiten jarraituko du, eta gauerako 600 metrora egongo da. Ekaitzak jotzekotan, kota hori beherago egon liteke.
Asteartean, olatuen altuera jaitsi egingo da, goizean 6-7 metrokoak izatetik arratsaldean 5-6 metrokoak izateraino. Elur-kota 900 metrora igoko da goizean, eta 1.100 metroan kokatuko da egunaren bigarren zatian.
Donostian, Krisi Mahaia, bilduta
Donostiako alkateak Krisi Mahaiaren batzarra deitu du gaur goizerako, iragarritako 7 metroko olatuek Gipuzkoako hiriburuan sor ditzaketen arazoak eta Urumea ibaiaren emaria zaintzeko. Ibaiaren maila nahikoa hazi da egunotan, eta Añarbe urtegia ura askatzen ari denez, Txomin Enea eta Martutene auzoko egoera dute kezka iturri.
Olatuei dagokionez, Parte Zaharreko Zabalgunean dauden ibilgailuak bertatik kentzeko hartu beharreko neurriak hartzen hasi dira.
Iragarpena
Astea giro ezegonkorrarekin hasiko dugu astelehenean. Euria egingo du egun osoan. Goizean fronte hotza pasatuko da, eta euria ia etengabe egingo du, baina eguerditik aurrera zaparradak botako ditu. Tarteka, zaparrada trumoitsuak izango dira, eta txingorra ere egin dezake. Ipar isurialdean eta egunaren bigarren partean egingo du euri gehien. Elur-kota goizean 1.000 metro inguruan egongo da, arratsaldean 700-800 metrora jaitsiko da eta baliteke gauean 600 metro ingurura jaistea. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da kostaldean, eta baita Nafarroa hegoaldean ere. Tenperatura nabarmen jaitsiko da: balio altuenak 10 ºC-ra iritsi ezinik ibiliko dira kostaldean, eta 5-8 ºC inguruan errendituko dira barnealdean.
Asteartean, giro oso desatsegina izango dugu: haize zakarra, euria eta elurra. Goizaldean, zaparrada trumoitsu batzuk bota ditzake, eta elurra egin dezake 600 metro inguruan, baina goizean hego ukituko haizea sartuko da, eta, atertzera egiteaz gain, elur-kotak ere gora egingo du. Arratsaldean, berriz, haizea berriro ere ipar-mendebaldera aldatuko da, eta kostaldean asko zakartuko da. Ipar-mendebaldeko haizea nagusitutakoan, euritara joko du, eta ipar isurialdean gogotik egingo du. Horrela, gauean, elur-kota jaitsi egingo da berriro. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez. Gauez hoztu egingo du, eta baliteke izotza egitea barnealdeko zenbait lekutan.