Gizartea
Txirotasun energetikoa
Beharrizanean daudenei gasa eta argia moztea ekidingo du Kataluniak
Arazo ekonomikoak dituzten familia eta pertsonei argia eta gasa ez mozteko lege dekretua onartu du Kataluniako Gobernuak.
-
Andreu Mas-Colell, Kataluniako Ekonomia sailburua. Argazkia: EFE
Arazo ekonomikoak dituzten familia eta pertsonei argia eta gasa azarotik martxora bitartean ez mozteko lege dekretua onartu du Kataluniako Gobernuak.
Iragarpena Andreu Mas-Colell Ekonomia sailburuak egin du Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramailearekin batera. Urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean lege berria.
Nahikotasun-errentan zehaztutako sarrera ekonomiko berdinak edo murritzagoak dituzten familia unitate bateko kideak, hirugarren kidetik aurrera %30 gehitu beharko zaio horri, ondasunak eta higiezinak murriztu ezin dituztenak eta energiaren kontratua tarifa sozialetan kontratatuta dituztenak mesedetuko ditu legeak.
Kaltetuek gasa edo argindarra moztuko diela iragartzen duen oharra jaso, eta hamar eguneko epea izango dute gizarte zerbitzuetan baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen duen agiria aurkezteko.
Egoera bermatuta, zerbitzuak eteteko prozesua bertan behera utziko du enpresak, azaroa eta martxoa bitartean. Erabiltzailearen eta konpainiaren artean erabakiko dituzte zorrak ordaintzeko baldintzak eta hurrengo apiriletik urrira bitartean ordaindu beharko dute zorra.
Lege berriak, gainera, enpresa, administrazio, gizarte erakunde eta erabiltzaileen artean informazioa trukatzeko moduak zehazten ditu.
Kataluniako Gobernuak adierazi duenez, Kontsumoaren Kodearen moldaketa hau txirotasun energetikoari aurre egiteko lehen neurri da.