Gizartea
Abortuaren Legearen erreforma
Rubalcaba: 'Askatasuna eskuin muturreko botoen truke aldatu dute'
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak emakumeen askatasuna "eskuin muturreko boto gutxi batzuen" truke aldatu duela salatu du PSOEko idazkari nagusiak.
-
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Abortuaren Legearen erreformarekin Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak emakumeen askatasuna "eskuin muturreko boto gutxi batzuen" truke aldatu duela salatu du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak.
Ferrazeko egoitzan PSOEko Berdintasun arloa medikuen, emakumeen eta juristen elkarteekin bildu eta gero adierazpenak egin ditu Rubalcabak. Iragan ostiralean Gobernuak onartutako aurreproiektua aztertu dute bileran.
Erreforma "beharrezkoa ez" dela errepikatu du PSOEko buruzagiak. Alderdiak legea Estatuko Aldizkari Ofizialera "ez heltzeko baliabide guztiak" erabiliko dituela azpimarratu du agintari sozialistak.
Kongresuan ekimen ezberdinak aurkeztuko dituzte sozialistek datozen egunetan, PP bakarrik dagoela demostratzeko. Europako Parlamentuan gauza bera egingo dutela aurreratu du Rubalcabak; izan ere, "orain arte" Espainia "eskubide zibilen defentsan liderra zen, baina erreformarekin atzera egin du berriro".
Gainera, sozialistek gizarte mugimenduekin eta feministekin bat egingo dute, Gobernuak "ezezko ozena" entzuteko.