Itxi

Gizartea

Esako urtegia

Kaltetuek Esako eskuin hegala azkarrago irristatzen dela adierazi dute

Erredakzioa

Rio Aragon elkarteak eta Yesa+no herri-ekimenak salatu dute urtegiaren eskuin hegalak irrist egiten jarraitzen duela, eta urbanizazioen inguruan pitzadura gehiago agertu direla.

  • Yesa+no plataforma, urtegian egindako protesta batean. EiTB

    Yesa+no plataforma, urtegian egindako protesta batean. EiTB

Rio Aragon elkarteak eta Yesa+no herri-ekimenak salatu dute Esako urtegiaren eskuin hegalak irrist egiten jarraitzen duela. "Abuztuan baino bizkorrago mugitzen da, irailean abiadura handitu zuenetik, ez baita gelditu", adierazi dute.

Elkarteek ohar batean adierazi dutenez, pitzadura gehiago agertu dira magalean, urbanizazioen inguruan. Hori dela, eta, urtegia handitzeko lanak gelditzeko, adituek urtegiaren inguruko geologia sakonki aztertzeko eta egoera konpontzeko alternatibak kontuan hartzeko eskatu dute.

Labainketaren hondoa 100 metrotara dago, eta, adituen ustez, "ez da geldituko, ez behintzat, urtegia normaltasunez erabiltzen jarraitzen bada".

Asoziazioek esan dutenez, "jokaera horrekin jarraituz gero, dirua xahutzen jarraituko dugu". Gainera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eta Ingurugiro Sailak egindako larrialdiko lanek 25 milioi euroko kostua izan dutela azpimarratu dute, eta, elkarteen ustez, "ez dute emaitzik eman".

Urtegia "ezer gertatuko ez balitz bezala" ari direla betetzen gehitu dute elkarteek, "euren datuei kasurik egin gabe eta hegalaren eta urtegiaren egoera zaila kontuan izan gabe".

Urtegiaren % 77 beteta dago jada, eta mailak gora egiten du egunetik egunera. "Ezinegona" sortzen die horrek bertako biztanleei, "erakunde ofizialenganako konfiantza eza" dela eta. Elkarteek erakunde horien jarrera "arduragabea" dela salatu dute.