Itxi

Gizartea

EAE – Euskobarometroa

Euskaldunen % 54k independentziaz referenduma egitea babestuko lukete

Erredakzioa

'Bihar' egingo balitz galdeketa, % 37k independentziaren alde bozkatuko lukete, % 33k kontra, eta % 15 abstenitu egingo lirateke.

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle gehienek estatu federala hobesten dute, baina independentziaz galdetuta, baietza da nagusi. Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu dUen Euskobarometroaren arabera, EAEko biztanleen % 54 independentziaz erreferenduma  egitearen alde daude eta % 29 kontra.  EHUk egin du galdeketa hau; orotara, 1.200 elkarrizketa egin dituzte, urriaren 22tik azaroaren 15era bitartean. Ateratako ondorioen artean, ondorengoa: independentziari buruzko galdeketa 'bihar bertan' egingo balitz, % 37k independentziaren alde bozkatuko lukete, % 33k kontra, eta % 15 abstenitu egingo lirateke.

Independentzia lortuz gero, galdetutakoen % 33k uste dute euskaldunen bizi baldintzak hobetu egingo liratekeela, eta % 29ren iritziz, okerrera egingo lukete. Independentzia lortzeak EBtik ateratzea suposatuko balu, euren erantzuna mantenduko luketen ere galdetu diete independentziaren alde agertu direnei, eta ia denek baietz erantzun dute.

Egungo estatusarekin herritarren % 30 baino ez daude gustura, eta PPko boto-emaileen artean soilik du gehiengoa autonomiak. Gaurko autonomia gainditu, eta federalismoaren alde, % 35 daude. Independentzia, berriz, % 27ren lehen hautua da.

ETAren amaiera

ETAri buruzkoa da Euskobarometroaren azken atala. Lau herritarretik hiruk balorazio txarra egiten dute prozesuan Mariano Rajoyren Gobernuak duen jarreraz. PPko boto-emaileen artean ere, ez du oniritzirik.

Galdetutakoen hamarretik zortzi ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioen aldeko dira. Horien erdiek baldintzarik gabe negoziatu behar dela uste dute, eta beste erdiek, ETAk armak utzi ostean egitearen alde. ETAren ibilbidea kalterako izan dela uste dute %78k.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritar gehienak pozik daude eurek izan duten urtearekin, baina egoera orokorra txarra dela uste dute. Esanguratsua da, halaber, % 84k uste dutela demokraziaren funtzionamendua txarra dela.