Gizartea
Elkarretaratzeak, aldi berean
Egiluzen desagerpena argitzea eskatu dute Anberesen eta Galdakaon
Erredakzioa
Bizkaiko gaztea desagertu zela hilabete igaro da, eta bi udalerrietan elkarretaratzeak egin dituzte, Hodei gogoratzeko eta familiari babesa agertzeko.
Aldibereko elkarretaratzeak egin dituzte astearte honetan Anberesen (Belgika) eta Galdakaon (Bizkaia), Hodei Egiluz gazte bizkaitarra gogoratu, familiari elkartasuna adierazi eta haren desagerpenaren ikerketan aurrera egin dezaten eskatzeko. Orain hilabate desagertu zen Egiluz, Anberesen.
Belgikako hirian egin duten elkarretaratzean hogei bat lagunek hartu dute parte, tartean gaztearen gurasoak eta lagunak. Hodeiren txartela azken aldiz erabili zuten kutxazain automatikoaren parean egin dute elkarretaratzea, hamar bat minutuz eta isilik, ''familiari eta lagunei elkartasuna adierazteko''.
23 urteko gazte bizkaitarra urriaren 18an desagertu zen. Gau horretan, lagun batzuekin afaldu zuen, eta, 02:00etan, etxera abiatu zen. Harrezkero ez dute ikasle-truke batean parte hartzen ari zen informatika-ingeniariaren berririk. Zantzu guztien arabera, ekintza kriminal baten biktima izan zen, eta aspaldi hasi zituzten haren gorpua bilatzeko lanak.
Galdakaon ere elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, Udalak deituta, desagerpena argitzea eskatzeko. 500 bat herritarrek hartu dute parte, han ere isilik hamar bat minutuz. Gaztearen hainbat senitarteko ere izan dira ekitaldian.
Hodei Egiluzen desagerpena 15 bat egunetan argitzea espero zutela aitortu du Amaia Betolaza Galdakaoko alkaterordeak. ''Hilabete igaro da eta desengainu pixka bat hartua daukagu; baina datu gehiago daude, ikerketa sekretupean baitago'', gaineratu du.
Alkateen arteko bilera
Ibon Uribe Galdakaoko alkateak Anberesera egin du bidaia, eta, gurasoekin batera, Belgikako elkarretaratzean hartu du parte.
Aurretik, Bart de Wever Anbereseko alkatearekin bildu da, eta Egiluz aurkitzeko ''ikerketaren pultsuari eustea'' eskatu dio. Halaber, bilaketan laguntzeko ''eskura'' dituen baliabide guztiak eskaini dizkio. Ikerketaren inguruko datu gehiago emateko ezintasuna dela-eta ''frustrazioa'' agertu dio De Weverrek, Galdakaoko alkateak adierazi duenez, eta ''emaitzak arinago lortzea espero zutela'' aitortu dio.
Alkateak ez du argitu nahi izan auzia argitzeko itxaropenik duenik, Hodeiren senitartekoekiko ''errespetuagatik''.