Gizartea
Elkarrizketa Radio Euskadin
Jaurlaritzak fracking-a egitekotan, ingurumena 'errespetatuko' du
Erredakzioa
“Zerbait egitekotan, ingurumenarekiko errespetua bermatu egingo dugu eta, noski, Jaurlaritzaren kontrolpean egingo da”, azpimarratu du.
-
Fracking EEUU
Jabier Zarraonaindia Eusko Jaurlaritzako Energia zuzendariak esan du Euskal Autonomia Erkidegoan frackingaren inguruko balizko jarduerek ingurumena “errespetatu” egin beharko luketela.
Horren harian, frackinga egitekotan, Jaurlaritzak ingurumena “errespetatu” egingo lukeela gaineratu du Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.
Jaurlaritzako ordezkariak baieztatu duenez, Jaurlaritzaren asmoa haustura hidraulikoaren bidez Euskal Herrian lur azpian zenbat gas dagoen jakin nahi dute. Oraingoz, “ingurumenari nolako kaltea egingo liokeen” aztertzen ari dira, “praktika txarrak saihesteko”.
“Zerbait egitekotan, ingurumenarekiko errespetua bermatu egingo dugu, eta, noski, Gobernuaren kontrolpean”, azpimarratu du.
Energia Saileko arduradunak adierazi duenez, Jaurlaritza ez da ikertzen edo esplotatzen ari, “dokumentuak prestatzen” baizik. Bi edo hiru zundaketa egingo dituztela baieztatu du, betiere “ingurumenari nola eragingo dion aztertu duen ikerketa errespetatuz”.
Petrolioa eta ikatza ordezkatuko dituen gas naturala bultzatzea izango da Jaurlaritzaren apustu nagusia. Horrez gain, energia berriztagarriak ere bultzatuko dituztela gaineratu du.