Gizartea
Abortuaren alde manifestazioa
Abortuaren legea indargabetzea eskatzeko manifestazioak izan dira
Erredakzioa
Abortuaren aurkako elkarteek "emakumearentzat drama izugarria" dela azaldu dute, eta instituzioei amatasuna babesteko eskatu diete Bilbon, Iruñean eta Donostian.
-
Pankartak eraman dituzte manifestariek Iruñeako kaleetan zehar.
Derecho a Vivir Euskadi eta Navarra por la Vida elkarteek deituta, manifestazioak izan dira gaur Bilbon eta Iruñean, Gobernu espainiarrari abortuaren legea indargabetzea eta jaio ez direnak legalki babestea eskatzeko.
IV. Biziaren aldeko Martxa Espainiako 46 hiritan da abian, tartean Bilbon eta Iruñean. Ekimen horren barnean egin diuzte gaurko manifestazioak. Bilbon, Euskalduna Jauregitik abiatu eta, Campo Volantinetik barrena, udaletxe aurrean amaitu da martxa. Iruñean, aldiz, Sarasate pasealekutik irten dute manifestariek, eta Merindades plazan bukatu dute manifestazioa, Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Bi hirietan, abortuaren aurkako elkarteek manifestuak irakurri dituzte.
Aipatutako manifestuetan, "PPk hauteskunde programan jaio behar duenaren bizitza babestea" agindu zuela gogorarazi dute elkarteek. Hauteskundeak gehiengo osoarekin irabazi arren, "abortua emakumearen eskubide gisa ikusten duen legea" oraindik abian dutela kexatu dira, "jaiotzear denaren bizitza erabat babesgabe utzita".
Manifestazioetan parte hartu dutenek pankartak eraman dituzte Bilboko eta Iruñeako kaleetan zehar, "haurdunaldia bederatzi hilabeteko ilusioa da, abortua bizi osoko samina da" edo "murrizketarik gabeko bizitza baten alde, abortuari ez" bezalako leloekin.
Ines Abad Navarra por la Vida elkarteko bozeramaileak hedabideei adierazi dienez, "PP boterera iritsi zenean, hauteskunde programan abortuaren legea aldatzea zeukan aurreikusita, baina bi urte igaro dira eta ez dute ezer egin".
"Rajoyk hauteskundeetara aurkeztu zenean agindutakoa betetzea eta aborturik ez egotera bideratutako politikak abian jartzea nahi dugu", azaldu du Miguel Aguilella Derecho a Vivir Euskadi asoziazioko bozeramaileak.
Abortuaren aurkako elkarteek "benetan emakumea babestea" nahi dutela esan du Abadek. "Abortua drama izugarria da emakumearentzat".
Bide beretik, egungo legediarekin, emakumea "abortura bultzatzen da", Abaden aburuz. "Ez zaio beste aukeren berri ematen. Adopzioa ongi erregulatu behar da, emakume horiek abortatu izanaren trauma pasatu ez dezaten".
Aguilellaren arabera, "adopzioak burutzen dituzten erakunde asko daude, eta guraso izan nahi duten bikote asko". Horregatik, "abortuak egitea ez dago justifikatuta".
Derecho a la Vida Euskadiko bozeramaileak gehitu duenez, "ekonomikoki, askoz egokiagoa da dirua beste alternatiba batzuetara bideratzea, eta ez abortura. Gure ustez, porrot sozial bat da gaur egun abortuak egiten jarraitzea".
Hori dela eta, instituzioei "amatasuna babestea, adopzioak bizkortzea eta aborturik ez onartzea" eskatu diete Abadek eta Aguilellak, "emakumeari min handia egiten baitiote".
'Hazte Oir' Donostian
Donostian, Hazte Oir asoziazioak manifestazioa deitu du Gipuzkoa plazan, abortuaren legea indargabetzea eskatzeko. Antolatzaileek esan dutenez, PP Gobernura iritsi zenetik 54.000 abortu egin dira Espainian, eta haurdunaldia etetea "guztion zergekin gutxi batzuk aberasten dituen milioi askoko negozioa" dela azaldu dute. Gainera, Rajoyri "abortuaren aurkako pedagogia publikoa" egitea eskatu diote.