Itxi

Gizartea

Ikerketa

Fiskalaren ustez, Hodei Egiluz ekintza kriminal baten biktima izan zen

Erredakzioa

Atxilotuei gaztearen objektuak atzeman zizkietela adierazi du Anberesko Fiskaltzaren bozeramaileak. "Atxilotuek esan digute ez dutela Hodeiren desagerpenarekin zerikusirik".

1:12

Hodei Egiluz Galdakaoko gaztearen arrastorik ez duela adierazi du gaur Anberesko Poliziak. Fiskaltzaren bozeramaileak goizean Olatz Arrieta EiTBko kazetariari adierazitakoaren arabera, atxilotu guztiei Hodei Egiluzen objektu pertsonalak atzeman dizkiete, baina zin egin dute ez dakitela Hodei non dagoen.

Bestalde, Fiskaltzaren bozeramaileak esan du Poliziaren lehentasuna gorpua aurkitzea dela. Horrez gain, ziur da galdakoztarra ekintza kriminal baten biktima izan zela.

Ez du zenbat atxilotu dauden baieztatu, baina atxilotuei gaztearen objektuak atzeman zizkietela adierazi du. "Atxilotuek esan digute ez dutela Hodeiren desagerpenarekin zerikusirik, eta ez dakitela Hodei non dagoen".

Poliziak minutuz minutu berregin du desagerpenaren gauean gertatu zena. Anberesko kaleak arakatu dituzte, eta Eskalda ibaia miatu dute.

Bilaketa sakona egiten ari direla esan du Anberesko Fiskaltzaren bozeramaileak. Izan ere, hasieratik susmatu zuten Hodeiri ezbeharren bat gertatu zitzaiola.

Polizia federala eta Fiskaltza gaztearen familiarekin harremanetan daude azken orduko informazioen berri emateko. Bozeramaileak nabarmendu du kasu honek "lehentasuna" duela eurentzat.

Anberesko hedabideak gertutik ari dira kasua jarraitzen, baina ikerketaren inguruko datu gehiago ez argitaratzeko eskatu die Fiskaltzaren bozeramaileak. Gaur gauean beteko dira hiru aste Hodeiren arrastoa galdu zenetik.