Itxi

Gizartea

Gertakaria

Berririk ez, Belgikan desagertu den gazte bizkaitarraren inguruan

Erredakzioa

Hodei Egiluz, 23 urteko galdakoztarra, desagertuta dago iragan larunbat goizaldetik. Martxoaz geroztik bizi da Anberesen.

1:09

Berririk ez dago Belgikan larunbat goizaldetik desagertuta dagoen gazte bizkaitarraren inguruan. Hodei Egiluz 23 urteko galdakarra larunbatean ikusi zuten azkenekoz, Anberes hirian, eta orduz geroztik ez dago haren berririk.

Belgikako Polizia haren bila ari da, eta haren lagunarteak gazte bizkaitarraren desagerpenaren berri zabaldu du sare sozialetan.

"Polizia Federala ahal duen guztia egiten ari da", adierazi du Dirk Depoverrek, Poliziarekin elkarlanean bilaketa-lanetan diharduen Child Focus erakundeko komunikazio zuzendariak.

"Polizia Galdakaoko gaztearen ingurukoak aztertzen ari da zer gertatu den jakiteko, eta bizilagunak eta ezagunak galdekatzen ari da", gaineratu du Depoverrek.

Ostiralean, lagunekin afaltzera joan zen, eta, goizaldeko ordu biak aldera, lagunak agurtu eta etxerantz abiatu omen zen, baina ordutik ez dute haren berri izan. Lagunek ez dakite non dagoen.

Gurasoak Belgikan dira dagoeneko, hara lanera joan zen gaztea bilatzeko lanetan laguntzeko. Bertako hedabideek gazte bizkaitarraren desagerpenaren berri eman dute, eta haren argazkia zabaldu dute.

Gaztearen familiak salaketa jarri du Ertzaintzaren Galdakaoko ertzain etxean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez. "Ohiko" prozedura omen da hori, beste herrialde batean desagertzen diren euskal herritarren kasuan. Ikerketaren nondik norakoak jarraitzeko, Ertzaintza Europolekin harremanetan dagoela gaineratu du.

Belgikako Poliziak doako telefono bat (116 000) jarri du 24 orduz martxan, Hodei Egiluzen desagerpenari buruzko informazioa jasotzeko.