Gizartea
Ingurumena
Frantziako Konstituzionalak oniritzia eman dio frackingaren debekuari
Erredakzioa
Auzitegiak babestu egin du duela bi urte Parlamentuan onartutako legea, helburua "ingurumena arriskuan egotea prebenitzea" baita.
Frantziako Konstituzio Kontseiluak (herrialde horretako Auzitegi Konstituzionala) oniritzia eman dio 'fracking'aren debekuari, Schuepbach AEBko petrolio-konpainiak 2011. urteko uztailaren 13an onartutako legearen aurka helegitea jarri eta gero.
Hain zuzen ere, egun horretan Parlamentuan onartutako debekua "Konstituzioaren araberakoa" dela ebatzi du Kontseiluak.
Auzitegiaren esanetan, legearen helburua "ingurumena arriskuan egotea prebenitzea" da.
Frantziako Gobernuak lau ustiapen-baimen baliogabetu zizkion Schuepbach konpainiari, eta horrek helegitea jarri zuen, berdintasunaren printzipioa urratzea egotzita. Izan ere, energia geotermikoa 'fracking' bidez ustiatzea ez dagoela debekatuta argudiatu zuen.
Dena dela, Konstituzionalak babestu egin du Gobernuak bereizketa hori egin izana, "arriskua ez baita berdina".