Gizartea
Saioa etenarazi egin dute
Hiru aktibista erdi biluzik sartu dira Kongresuan abortua defendatzeko
Erredakzioa
Femen mugimendu ezaguneko hiru ekintzaile Diputatuen Kongresuan sartu dira abortuaren alde egiteko 'Abortua sakratua da' oihukatuz.
Femen organizazio feministako hiru ekintzailek Kongresuaren saioa etenarazi egin dute, gerritik gora biluzik zeudela, abortuaren aldeko aldarria egiteko. 'Abortua sakratua da' oihukatu dute hiru aktibistek, eta Jesus Posada Kongresuko presidenteak handik ateratzeko agindua eman du.
Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroa hitz egiten ari zela, hiru emakumeak (diputaturen batek gonbidatuta sartu dira) kamisetak kendu eta 'Abortua sakratua da' oihukatu dute.
Posadak, txundituta, ganberatik irteteko agindua eman die emakumeei eta poliziei eta, aktibistetako bat zutabe batera heldu dela ikusita, lasaitasunez jarduteko eskatu du: 'Kontuz jardun'.
Hiru atxilotuak Kongresuko Poliziaren gelatan identifikatu dituzte, eta geroago Madrilgo polizia-etxe batera eraman. Bertan deklaratuko dute atxilotuek, epailearen esku utzi baino lehen.
Atxilotuetako bat Espainiako Femen mugimenduko burua da, Lara Alcazar, Ukrainan sortutako mugimendu horren jarraitzailea. Organizazio horretako ekintzaileek beti egiten dute protesta bularrak erakutsita, eta beti matxismoaren aurkako ekintzak egiten dituzte.