Itxi

Gizartea

Tragedia

200 pertsona hil dira Italian, itsasontzi bat Lampedusan hondoratuta

Erredakzioa

Giusi Nicolini Lampedusako alkateak azaldu duenez, "arrantza-ontzi batzuk pasa dira, baina ez diete lagundu". Bestalde, tragedia "lotsagarria" dela adierazi du Frantzisko aita santuak.

0:55

200 pertsona, tartean haurdun zegoen emakume bat eta bi adingabe, hil dira gaur, Lampedusa uhartearen (Italia) pareko uretan, 500 pertsona zeramatzan itsasontzi bat hondoratuta. Gainera, 250 pertsona desagertuta daude oraindik. Ontzian zeuden gehienak somaliar eta eritrearrak ziren.

Kostazainek 94 gorpu jaso dituzte dagoeneko, besteak beste haurdun zegoen emakume batena eta bi neska-mutil adingaberenak, Italiako hedabideek kontatu dutenez.

Ontzian, kazetariek bertatik kontatu dutenez, sute bat izan da, kostaldetik oso gertu hondoratu aurretik. Tragediaren tokian, hainbat salbamendu txaleko, egur zatiak eta erregai orbanak aurkitu dituzte.

Erreskate taldeek esan dutenaren arabera, gorpuak nonahi daude uretan. Gainera, ehun pertsona daude oraindik uretan.

Gertakariaren berri eman duten arrantzale batzuk izan dira itsasoan galdutakoak artatzen lehenak, Italiako segurtasun indarrek ez baitute ontzia detektatu.

Oraingoz, 150 pertsona eraman dituzte onik Lampedusako portura. Gorpuak ere kaian utzi dituzte behin-behinean, aireportura eraman baino lehen.

"Biktima kopuruari dagokionez, inoizko tragediarik handiena da. Urte asko daramatzat hemen beharrean, eta sekula ez dut halakorik ikusi", esan du Pietro Bartolo uharteko osasun zentroaren arduradunak.

Sua ontzian

Giusi Nicolini Lampedusako alkateak azaldu duenez, bizirik atera diren etorkinek "ontzian sua piztu zutela azaldu dute, mugikorrek funtzionatu ez eta estaldurarik ez zutelako".

"Horrela, guztiak uretan amaitu dute eta, antza denez, arrantza-ontzi batzuk pasa dira, baina ez diete lagundu", erantsi du alkateak. "Hori egia bada, argitu beharko da", adierazi du. Zonan zeuden arrantzale batzuk etorkinak erreskatatzen lehenak izan dira eta abisua eman dute.

Uharteko alkateak ere dolua eta ezintasuna agertu ditu, "tragedia izugarri honen aurrean". "Nahikoa da! Zeren zain gaude? Atsekabe etengabea da", esan du Giusi Nicolinik, Afrika iparraldetik, batik bat Libiatik, Lampedusara tai gabe heltzen diren ontziak hizpide hartuta.

Nicolinik Rainews 24ri argitu dionez, "ontzian zeudenek azaldu dute zer gertatu den: sakelako telefonoek ez zuten funtzionatzen, ez zuten estaldurarik, eta sua piztu dute". "Horrela, ontziko guztiak uretara jausi dira azkenean, eta, dirudienez, hainbat arrantzontzi paretik pasatu dira eta ez diete lagundu", erantsi du alkateak: "Hala izan bada, hori argitu egingo dugu".

Bestalde, hondoratzea "lotsagarria" dela adierazi du Frantzisko aita santuak. "Bakeaz hitz egiten, munduko krisi ekonomiko ankerraz, gizonaren errespetu faltaren seinale dira, Lampedusako hondoratzearen biktimak gogorarazi behar ditut atsekabe handiarekin, lotsagarria da", esan du.