Gizartea
Epaitegiak
Justiziari laguntzeko prest agertu da Messi
Erredakzioa
Futbolariak eta bere senitartekoek zerga arauen interpretazioaren inguruan Estatuarekin eztabaida batean sartu nahi ez dutela ziurtatu du Lionel Messiren abokatuak.
Futbolariak eta bere senitartekoek Justiziari laguntzeko borondatea dutela ziurtatu du gaur Cristobal Martell Lionel Messiren abokatuak. Zerga arauen interpretazioaren inguruan Estatuarekin eztabaida batean sartu nahi ez dutela erantsi du.
Cristobal Martellek adierazpenak Gavako epaitegien atarian egin ditu. Argentinako izarraren deklarazioak ordu laurden eskaseko iraupena izan du.
Leo Messi Bartzelona futbol taldeko jokalariak eta haren aitak, Jorge Messik, inputatu gisa deklaratu dute ostiral honetan, iruzur fiskala delituaren akusaziopean. Gavako (Bartzelona) 3. Instrukzio Epaitegian izan dira biak.
Hain justu, Messi aita 10:00etan hasi da deklaratzen eta ordubete geroago iritsi da futbolaria. Aita ez bezala, irribarretsu heldu da jokalaria. Epaitegi atarian zeuden lagun batzuek bibaka hartu dute, baina beste batzuek "lapurra" oihuak bota dizkiote. Ordubete lehenago heldu da Jorge Messi. Abokatua alboan zuela, aurpegi serioa eta eguzkitako betaurrekoekin iritsi da epaitegietara. Ez du adierazpenik egin.
Semea errugabea zela eta haren zergen kudeaketaren erantzukizun osoa berea zela adierazteko idatzia aurkeztu zuen abuztuan Jorge Messik.
Horrez gain, 2007an, 2008an eta 2009an Ogasunari 4,1 milioi euroko iruzurra egin zion, horren gordailua egin eta deklaratu gabe utzita.
Urteotan hiruna delitu fiskal egitea leporatu die Fiskaltzak biei. Ministerio Publikoaren arabera, futbolariaren irudi eskubideengatik jasotakoa ez zioten Ogasunari aitortu.