Gizartea
EITB.COM-EN ERREPORTAJEA
'Fracking'-a Euskadin: ikerketarako 17 proiektu
Iker Rincon | EITB.COM
2011n Patxi Lopezek Arabako lur azpian gas erreserbak daudela iragarri zuen. Momentu horretan, herritarrak bere kabuz informatzen hasi ziren apustu estrategiko horrek ekarriko duena jakiteko.
-
Patxi Lopezek AEBetatik iragarri zuen Arabako lur azpian gasa aurkitu zutela. Argazkia: Irekia.
Espainiar Estatuko Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak 2006ko abenduan eman zizkion Enara eta Angosto 1 gas-hobiak aztertzeko baimenak Euskadiko Hidrokarburo Baltzua S.A. (SHESA) Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) menpeko elkarteari. Urtebete geroago, 2008ko urtarrilean, beste hiru baimen eman zizkioten SHESAri; Usapal, Mirua eta Usoa aztertzekoak. Urte bereko azaroan, berriz, hiru horiek beste biekin batu zituzten, eta Gran Enara izenekoa osatu zuten horrela.
Ikerketak hasi eta bost urtera, 2011ko urrian, Patxi Lopez lehendakariak Arabako lur azpian gas ez-konbentzionala duten erreserba handiak daudela iragarri zuen. Horrekin batera, horiek ustiatzeko partzuergo bat sortu zuten SHESA (% 44), Petrichor Euskadi (Heyco Energy Groupen subsidiarioa, % 36) eta Cambria Europe Inc. (True Oilen filiala, % 20) enpresen artean. Azken biak AEBetakoak eta gas mota hau ateratzen adituak dira.
Bestalde, 2013 hasieran, Espainiako Industria Ministerioak Sopela eta Bermeo artean gas-hobiak ikertzeko baimenak eman zizkion Frontera Energy Corporation S.L. enpresari. Proiektu horrek (Geminis) 47.940 hektarea hartuko ditu, lurrean zein itsasoan, eta 6 urte iraungo du.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN DAUDEN ESPLORAZIO BAIMENAK
Gaur egun, SHESAk 17 baimen eskatu ditu esplorazio zundaketak egiteko: bederatzi gas ez-konbentzionala eta zortzi gas konbentzionala erauzteko. Baimenak zein egoeratan dauden eta gas hori haustura hidraulikoa baliatuz erauziko duten jakiteko EEErekin harremanetan jarrita, horren bozeramaileak Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak esan zuena berretsi zuen: ikerketarako eta azterketarako lanak direla eta ingurugiroari ez diotela kalterik egingo. Tapiak bere garaian esan zuen ikerketa hauek beharrezkoak direla lur azpian zer dagoen jakiteko, eta aurrerago erabakiko dutela gas hori ateratzea edo ez.
Shale Gas España haustura hidraulikoaren teknika erabili nahi duten enpresen plataformaren bozeramaile Monica V. Cristinak azaldu duenez, "erreserbak aztertzeko eskari batzuk bideratu dituenean, SHESAk putzuak egiteko baimena eskatu du horiek ikertzeko. Beste lanetarako, oraingoz ez dute aurreikusi ez zundaketarik ez haustura hidraulikorik egitea. Hala, horietan ikerketa geokimikoak egitera mugatu dira". Ikerketa guztiek horiek ustiatzea bideragarria izango den edo ez zehaztea dute helburu, horren hitzetan.
Fracking Ez Araba elkartearen arabera, baina, Eusko Jaurlaritzak "obskurantismo estrategia argia" izan du hasieratik; izan ere, horien esanetan, aspalditik gestionatzen ibili dira gai hau, baina "inolako azalpenik eman barik".
2011n, Patxi Lopezek Arabako lur azpian gas erreserbak daudela iragarri zuenean, herritarrak bere kabuz informatzen hasi ziren, "apustu estrategiko horrek ekarriko duena jakiteko, eta Eusko Jaurlaritzak ezkutatu nahi zuena hitzaldien bitartez hedatzeko", salatu dute.
(Gran Enara proiektuaren planoa. Iturria: Acuifer)
GRAN ENARA
2011ko urriaren 14an, Patxi Lopezek Arabako lur azpian 184,5 bcm (184.500 milioi metro kubiko) gas natural ez-konbentzionala aurkitu zutela iragarri zuen. Hori izan zen Gran Enara izena hartuko zuen proiektuaren hasiera.
Gran Enara izenarekin hidrokarburoak ikertzeko 5 gune batu dituzte: Enara, Usapal, Mirua, Usoa eta Angosto 1. Proiektu horrek 324.837,30 hektarea hartzen ditu gaur egun, Araban gehienak, baina Burgosko, Kantabriako, Bizkaiko eta Nafarroako lurralde batzuk ere harrapatzen ditu.
Egun, proiektu hau stand by egoeran dagoela azaldu dute Fracking Ez Araba plataformakoek. "Baimen horien artean, kokaleku jakin batzuetan esplorazio-putzuak egiteko 11 eskaera daude. Baina aurrekontuetan ez dago inolako partidarik 2013an horietako bat ere hasteko". Gaur egun de facto "eta etorkizunean legez", Ingurumen Ministerioak putzu horiek egin aurretik ingurumen eragina aztertzeko ebaluazio sakonak eskatuko dituela gaineratu dute. Hala, "edozein obraren hasiera asko atzeratuko da". Prozesu hori guztia urtebete eta 2 urte artean atzeratu daiteke, plataformaren esanetan.
Horretaz gain, horien arabera, beste bi faktore hartu behar dira kontuan: "Ikerketarako baimenak datorren urtean iraungiko dira. Hortaz, luzapenak eskatu beharko dituzte. Bestalde, aurrekontuaren arazoa dago. Gran Enara proiektua SHESAren eskuetan dago, eta hori EAEko diru publikoaren menpe % 100ean. Hala, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko du azken erabakia, eta badirudi gobernu horrek ez duela argi fracking-a erabiltzen duten proiektuak abiatu behar diren edo ez".
HERRITARREN ERANTZUNA
Fracking-aren berri jasotzen joan dien heinean, hainbat talde ekologista, elkarte, pertsona eta alderdi politiko elkartzen joan dira horri aurre egiteko, eta, Fracking Ez Arabaren arabera, ordutik "oposizioa gero eta handiagoa da".
('Fracking'-aren aurkako manifestazio bat. Argazkia: Fracking Ez Araba)
Iker Garcia Euskadiko, Nafarroako, Errioxako eta Soriako Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Eskola Ofizialeko batzordekidearen ustez, jarrera hori "ez dago justifikatuta". Gauza berriei beldurra izatea normala dela onartu du, baina "gauzak ondo egiten badira ez da arazorik egongo", gaineratu du.
Aitor Urresti ingeniari industrial, EHUko irakasle eta Fracking Ez Bizkaia elkarteko kideak bere aldetik azaldu duenez, herriz herri eta auzoz auzo joan dira gai horri buruzko informazioa eskaintzen, eta, horren esanetan, jendeak hau esan du: "Nik ez dut hori nahi".
Greenpeacek ere kezka hori du. Elkarte horren energia alorreko arduradun Julio Bareak azpimarratu du fracking-ak arazo ugari sortu dituela AEBetan, "nahiz eta munduko estaturik garatuena izan". Hori dela eta, alarma soziala "erabat justifikatuta" dagoela erantsi du. "Zentzugabekeria da gizartea eta ingurugiroa arriskuan jartzea", gaineratu du Urrestik.
Bestalde, Monica V. Cristinak azaldu du bere plataforma prest dagoela herritarren kezkei arreta jartzeko. "Gure jarrera argia eta zentzuduna da: eztabaidatzen, azaltzen eta erantzunak ematen jarraituko dugu. Kezkatu egiten gaitu jendea oraindik nahasita ikusteak".
Fracking Ez Araba taldekoek, berriz, salaketa argia egin dute: "Fracking-a bultzatzen duten lobby energetikoek eztabaida kaletik atera nahi dute, kasu askotan alor energetikoarekin lotura duten ustezko adituen foroetan sartzeko".