Gizartea
EITB.COM-en erreportajea
'Fracking'-a: Apustua edo kaltea etorkizunari begira?
Iker Rincon | eitb.com
Presio hidraulikoa baliatuz lurzoruko arrokak hautsiz gas ez-konbentzionala ateratzeak aukera asko ireki ditu, baina baita zalantza ugari ere.
-
'Fracking'-a erabiltzen duen instalazio bat AEBetan. Argazkia: cc-by/Bob Warhover.
Fracking edo haustura hidraulikoa egungo gairik eztabaidagarrietarikoa da, alor energetikoari dagokionez. Presio hidraulikoa baliatuz lurzoruko arrokak hautsiz gas ez-konbentzionala ateratzeak aukera asko ireki ditu, baina hainbat kolektibo eta herritar sistema horren aurka egitera bultzatu ditu zalantza ugari sortu baitira horren inguruan.
Teknika hori aspalditik da ezaguna. XIX. mendetik erabili izan dute erregaiak ateratzeko, baina 1947ra arte ez zuten horren lehenengo erabilera komertziala egin. Hala ere, gaur egun fracking-ari buruz ari garenean, erabili ahala garatzen ari den teknika bati buruz ari gara. AEBetan gas ez-konbentzionalaren boom bat sortu du, eta mundu osora hedatu da, ohiko gas naturalaren meategien beheraldiari aurre egiteko.
('Fracking'-a erabiltzeko instalazioen muntaketa AEBetan. Argazkia: cc-by/Daniel Foster)
TEKNIKA
Mota honetako gasa, ingelesez shale deritzo (eskisto edo arbel bituminosotik eratorritako gasa), ez da ohi bezala lurzoruan bilduta aurkitzen, arroketan itsatsita baizik. Hura erauzteko, bertikalean zulatu behar da, hainbat arroka geruza eta akuifero zeharkatuz, erreserbak dituzten harri-formazioetara heldu arte. Ondoren, horizontalean edo gidatuta zulatzen jarraitzen dute, 1.500 eta 3.000 metro inguru.
Une horretan, haustura txikiak eragiten dituzte, gida moduan erabiltzeko. Ondoren, harea eta hainbat produktu kimiko erantsita, milioika litro ur injektatzen dute presio handian hasierako haustura horiek handitzeko eta hedatzeko. Presioa murriztean, fluidoa gainazalera bueltatzen da, gasarekin eta arrokan itsatsita egon diren beste substantzia batzuekin batera. Lurpetik ateratakoan, nahasketa prozesatu egiten dute gasa ateratzeko.
GEHIGARRI KIMIKOEK ARAZORIK SOR DEZAKETE?
Aitor Urresti ingeniari industrial, EHUko irakasle eta Fracking Ez Bizkaia elkarteko kidearen arabera, haustura hidraulikoa egiteko erabiltzen duten likidoaren % 2 gehigarri kimikoak dira. Produktu horiek, besteak beste, honetarako erabiltzen dituzte: eskoramendurako harea modu homogeneoan zabaltzeko, likidoak atzera egitea errazteko, hodiak garbitzeko, korrosioa ekiditeko, oxidoa ez agertzeko eta biozida bezala.
Baina arazoa ez da soilik lurzoruan gai kimiko horiek tonaka injektatzea. Ur eta gehigarri horiek guztiak toki batetik bestera garraiatu eta in situ gorde behar dituzte. "Nahasketa guztiak bertan egiten dituzte, eta, elementu toxiko horiek uretan diluitu barik manipulatzerakoan, lurrera eror daitezke eta akuifero batera heldu", Urrestiren hitzetan.
"Orain arte, enpresek ez dute zehaztu zein gehigarri eta zein neurritan erabiltzen dituzten haustura egiteko, patentearen sekretu industrialak babestuta. Baina sekretismo horrek gizartearen aldetik bazterketa sortu duenez, enpresak 'gardenagoak' izaten hasi dira, eta erabiltzen dituzten produktu batzuen informazioa ematen hasi dira, betiere ez dutela kalte handirik eragiten esateko", salatu du Julio Barea Greenpeace elkartearen Energia alorreko arduradunak.
Shale Gas España haustura hidraulikoaren teknika erabili nahi duten enpresen plataformaren arabera, arroka hausteko erabiltzen duten likidoari produktu kimiko gutxi eransten diote, % 0,5 inguru. Horien esanetan, hamabi gehigarri inguru erabiltzen dituzte, oso kontzentrazio baxuan, eta "gehienak etxeko garbiketa produktuetan, kosmetikoetan eta jakietan erabiltzen dira". Plataforma horren bozeramaileak, Monica V. Cristinak, adierazi duenez, horiek guztiak Europako eta Espainiar Estatuko legediak arautu eta kontrolatzen dituzte, eta agintariei horien berri ematen diela gehitu du.
Bere aldetik, Iker Garcia Euskadiko, Nafarroako, Errioxako eta Soriako Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Eskola Ofizialeko batzordekidearen esanetan, normalean erabiltzen dituzten gehigarriak, besteak beste, honakoak dira: azido klorhidrikoa, azido zitrikoa, glutaraldehidoa, amonio bisulfatoa eta etilenglikola. Azken hori, horren arabera, izotzaren kontrakoa da: "ohikoa da geotermian eta berogailu bat beroz hornitzeko". Orokorrean gehigarri horiek ez dira kaltegarriak ingurumenerako, "baina egia da toxikoren bat egon daitekeela. Hala ere, esan beharra dago enpresek gero eta gehiago jotzen dutela produktu ekologiko eta biologikoetara", gaineratu du.
Hala ere, Greenpeaceren iritzian, hori guztia "propaganda-kanpaina" bat da. "Oso ondo dakite euren irudia saltzen, baina errealitatea bestelakoa da, elementu kantzerigenoak erabiltzen baitituzte; bentzenoa, esate baterako".
EMISIOAK ATMOSFERARA
Eztabaida eragiten duen beste gai bat klima aldaketa eragiten duten eta negutegi efektua sortzen duten gasen isurketak dira. Enpresen arabera, gas naturala da gaur egun erabil daitekeen erregai fosil garbiena. Shale Gas Españak Europako Batzordearen ikerketa batean jasotako datu bat nabarmendu du: "gasa erabiltzen duten ziklo konbinatuko zentral elektrikoek ikatza erabiltzen duten zentral elektrikoek baino % 41 eta % 49 CO2 gutxiago isurtzen dute". Ondorioz, horien ustez, "behar-beharrezkoa" da ikatzaren ordez gas naturala erabiltzea CO2-aren isuriak murrizteko.
(Erregaien emisioak atmosferara. Iturria: Howarth et al. 2011)
Talde ekologistek onartu egiten dute gas hau garbiagoa dela energia sortzeko, baina hori erauzteko modua da arazoa, metano-ihesak egon daitezkeelako. "Metanoaren ezkutuko ihes horiek ikatza eta petrolioa baino askoz gehiago kutsatzen dute", azaldu du Greenpeaceko bozeramaileak, "eta CO2-a baino hogei aldiz kaltegarriagoa da", gaineratu du Aitor Urrestik.
Isuri horiez gain, fracking-ari lotuta beste hainbat bide daude airea kutsatzeko. Haustura egiterakoan lurzorutik bueltatzen den ur kutsatua hainbat putzutan biltzen dute, ondoren prozesatzeko. "Horietan, uraren zati bat lurrundu egiten da, hainbat konposatu lurrunkor dituztela, eta atmosferara isurtzen dira", azaldu du EHUko ingeniariak.
Coloradoko (AEB) Unibertsitateko Osasun Publikoaren Eskolak egindako ikerketa baten arabera (McKenzie et al., 2012), fracking-arekin lotutako kutsadura atmosferikoak osasun arazoak sortzen ditu. Teknika horren ondorioz isurtzen diren erregaiek (bentzenoa, etilbentzenoa, toluenoa eta xilenoa) patologia zorrotzak edo kronikoak jasateko arriskua handitzen dute putzuen inguruan bizi direnen artean.
LURPEKO URAK KUTSATZEKO ARRISKURIK BADAGO?
Gran Enaran (Araba) gas naturala dagoen ikertzeko lanak martxan daude, eta, etorkizunari begira, baliteke esplotazio putzuak egitea bertan. Hala, inguru horretako herritarren kezkarik handienetakoa akuiferoak (Subillakoa, besteak beste) kutsatzea da, "hortik hornitzen baita Araba larrialdietan, lehorteetan esaterako", esan du Urrestik. "Gainera, gaur egun ere inguruko hainbat herri hornitzen ditu".
Shale Gas Españak baieztatzen duenez, "haustura hidraulikoaren bidezko estimulazioak ezin ditu akuiferoak kutsatu, horrek ez duelako inolako loturarik sortzen horien eta meatokien artean". Horren arabera, lanak sakonera handian egiten dira, lurpeko ur masetatik urrun; gainera, iragazkortasun oso baxuko arrokez bereizita daude, eta zementazio eta hodi bidezko bi barrerak isolatzen dituzte.
Bestalde, ingeniari industrialaren esanetan, akuiferoak kutsatzeko arriskuak hiru dira: "Lehenengoa, haustura izatea eta ur masaraino igotzea". Nahiko zaila da hori Gran Enaran gertatzea, "baina ez ezinezkoa", adituaren ustez. Izan ere, "ustiatu nahi den tokiaren eta akuiferoaren artean kilometro bateko tartea dago. Baina tarteko eremua eta gasa gordetzen duen eremua bera, Balmaseda izenekoa, oso hautsita daude; beraz, nork ziurta dezake fracking bidez sortutako haustura bat irekitzen denean horrek ez duela aurretik irekita dagoen pitzadura batekin bat egingo?", adierazi du. Hori gertatuz gero, hausturak komunikatu egingo lirateke eta hortik ur masaraino igotzeko aukera izango litzateke.
(Haustura hidraulikoa egiteko ur biltegia. Argazkia: Fracking Ez Araba)
Beste arrisku bat putzuetatik euretatik etor daiteke, balitekeelako ondo zementatuta ez egotea. "Ezin da bermatu % 100eko estankotasuna", baieztatu du EHUko irakasleak. Gainera, denborarekin zementuak okerrera egiten du, eta, hortaz, "baliteke hodian bertan pitzadura bat sortzea". Eta, azkenik, kutsatzeko hirugarren bidea lurrazaletik hel daiteke. "Baliteke isurketa bat egotea. Hausturarako likidoa gainazalera bueltatzen denean, urmael edo putzu batean biltzen da, tratatu arte, eta gerta liteke horrek isuriak izatea".
EHUko irakasleak salatu duenez, enpresek beti esaten dute ez dela inoiz frogatu haustura hidraulikoaren ondorioz akuiferorik kutsatu denik. "Hori gezurra da", esan du. "Haustura egin denean pitzadurak gertuko putzu zaharrekin kontaktuan jarri dira inoiz; eta, putzu horiek gaizki zementatuta edo zaharkituta egon direnean, horien bitartez akuiferoarekin kontaktuan jarri dira. Araban 100 putzu inguru ditugu, horietako asko 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan zulatutakoak. Hala, ez dakigu zein egoeratan dauden gaur egun. Gainera, horietako askok Subilla akuiferoa zeharkatzen dute", azaldu du Urrestik.
Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Eskola Ofizialaren arabera, gas naturala atera nahi duten enpresek "dena egingo dute inolako iragazketarik ez gertatzeko". Halaber, Eusko Jaurlaritzak prozesu osoaren jarraipena egingo du, "gauzak ondo egiten dituzten ikuskatzeko; izan ere, meatze teknika egokiak erabiliz gero, ez litzateke inolako arazorik egon behar".
Bere aldetik, Monica V. Cristinak aitortu du ez dagoela batere arriskurik ez duen jarduerarik. Horren iritziz, "gakoa da horiek ezagutzea eta horiek kudeatzeko behar den teknologia izatea. Horrekin batera, beharrezkoa da praktikarik onenak bultzatzen dituen araudi bat sortzea. Izan ere, gaur egun dugun teknologiak fracking-a modu seguruan egitea ahalbidetzen digu".
Nahiz eta teknologiak aurrera egin duen, eta, ondorioz, haustura hidraulikoa egiteko teknikak hobetu dituen, fracking-aren kontrako taldeek ez dute nahikoa ikusten ingurugiroa babestea bermatzeko. Aitor Urrestiren esanetan, "Dukeko (Ipar Carolina, AEB) Unibertsitateko ikertzaileek 141 putzutako ura analizatuta ondorioztatu dutenez, gas ez-konbentzionala erauzteko eremuetatik gertu dauden putzuak gasak kutsatuta egoten dira. Eta enpresen praktika txarren ondorioz, guztiak".
LURRIKARAK SORTZEKO ARRISKUA
Shale Gas Españak zabaldu duenez, enpresek ustiatzen hasi aurretik sakon aztertzen dute inguruko geologia, arrokak zelan erantzungo duen aurreikusteko eta segurtasuna bermatzeko. Plataforma horren arabera, sistema hori mundu osoko milioika putzutan erabili izan da azken 60 urteetan, eta "soilik bi lurrikara egon dira fracking-ari lotuta".
Hala ere, Science aldizkariak argitaratutako ikerketa batek ura injektatzeak lurrikarak eragin ditzakeela ondorioztatu du. Columbiako (AEB) Unibertsitateko ikerlariek baieztatu dutenez, lurrikara handi bat gertatzen denean, beste seismo txikiago batzuk izaten dira milaka kilometrotara, sakontasun handian sustantzia kimikoak injektatu diren tokietan hain zuzen ere. Ikerketa horren arabera, Txilen izandako lurrikara batek aktibitate sismikoa eragin zuen Oklahoman (AEB), eta Japoniako beste batek (2011n tsunamia eragin zuena) seismoak eragin zituen Texasen (AEB).
INGURUMEN ERAGINA
Fracking-aren bitartez gas ez-konbentzionala ateratzeko, lur asko okupatu behar da. "EAE lurralde oso mugatua da. Ondorioz, gasa erauzteko putzuak jartzeak eragin handia izango luke ingurumenean", adierazi du Julio Bareak. Urrestiren arabera, Araban 2.000 putzu egitea aurreikusi dute, eta, batez beste, bakoitzak 1 eta 2 hektarea artean hartuko du (putzuak multzoka jartzen badituzte okupazioa txikiagoa izango da). Horri guztiari sarbiderako bideak eta bestelako azpiegiturak gehitu behar zaizkio. Gainera, horrek guztiak inguruan trafikoa hein handi batean handitzea ekarriko du, "ur kantitate handiak garraiatu behar baitira batetik bestera". Hala, zarata eta emisioak handituko dira eremu horietan, eta "baserri-girokoak eta oso lasaiak izan ohi dira". Hori dela eta, horrek "eragin oso handia izango du komunitate horietan", iragarri du.
(Gas ez-konbentzionala ateratzeko putzuen dentsitate handia dago Texasen (AEB). Argazkia: cc-by/Amy Youngs)
Shale Gas Españaren arabera, ustiapen mota hauek eremu "txiki samarrak behar dituzte, bi edo hiru futbol zelai ingurukoak", zulaketa eta estimulazio lanak egiteko. Ondoren, putzua eraikitakoan, askoz ere eremu txikiagoa behar dutela azpimarratu dute.
Putzu bat eraiki, zulatu eta estimulatzeko lanak urtebete inguru irauten du. Behin lan horiek bukatuta, baina, operadoreek "paisaia lehengoratu eta, Administrazioak onartu zituen planei jarraituz, eremua aurkitu zuten bezala uzteko lanari ekiten diote".
BADAGO ALTERNATIBARIK?
Fracking-ak sor ditzakeen ingurumen arriskuen aurrean, gas ez-konbentzionala ustiatzeko sistemaren kontrakoek argi dute zein den alternatiba: energia berriztagarriak. Julio Barearen ustez "behar dugun energia guztia gure buruen gainean dugu. Alternatiba energia berriztagarrien aldeko apustua egitea da, Espainiako Estatuan geotermia, haizeak, mareak eta eguzkia (beste beste) erabiltzeko aukera handia baitago. Ez da zertan hidrokarburo gehiago erre".
Aitor Urrestiren arabera, berriztagarriak gero eta errentagarriagoak dira, eta "horiek bultzatu behar dira", horren ustez, "baina Gobernuak horiek gelditu besterik ez du egiten".
Shale Gas Españaren iritzian, "gas ugari egoteak energia berriztagarrien osagarri moduan erabiltzeko aukera ematen du, eguzki energia eta eolikoa sortzeko energia-iturriek izaten dituzten etenak betetzeko eta eskaera gehieneko tarteetara erraz egokitu ahal izateko".
Iker Garciaren hitzetan, energia-iturri berriztagarrien bidez zein hidrokarburoak erreta energia ekoizteko sistemak "osagarriak dira eta gauza asko egiteko balioko digu", baina, horren aburuz, gasa eta petrolioa ezin dira bat-batean baztertu, "horiek ere lehengaiak baitira".
Gizartea berriztagarriak erabiltzearen aldekoa da, gero eta gehiago, baina, horren ustez, urte asko igaroko dira oraindik energia-mota horrek "gure ekonomia energetikoari" eutsi ahal izateko. "Progresiboa izan behar da, apurka-apurka, krisia dela eta energia berriztagarriek izandako geldiuneak eragin handia izan baitu. Rajoyren Gobernuak, gainera, bertan behera utzi ditu eguzki-energia ekoizteko instalazioak zeuden laguntzak", salatu du Garciak.