Itxi

Gizartea

Marta del Castillo auzia

Miguel Carcañoren anaia inputatu du epaileak

Erredakzioa

Bertsio berria, Francisco Javier Delgadok Marta hil zuela, alegia, berretsi du Carcañok epailearen aurrean. Delgadok anaiaren kontrako ekintza legalak iragarri ditu.

1:05

Francisco Javier Delgadok Marta del Castillo hil zuela berretsi du gaur Miguel Carcaño hiltzaileak. Horrela, epaileak Carcañoren anaia inputatu eta deklaratzera deitu du.

Francisco de Asis Molina epailearen aurrean ordu bat eta hiru ordu laurden eman ditu Carcañok. Anaiak Marta pistola baten ipurdiarekin hil zuela baieztatu du Carcañok. Ondoren biek gorpua La Rinconadako (Sevilla) orube batean hobiratu zutela erantsi du, baina xehetasunik eman gabe.

Iturri horien arabera, Carcañok ''ikasitako gidoi bat balu bezala'' berretsi du epaile aurren bertsio berria, Poliziari egindako deklarazioa ''izpirik aldatu gabe''.

Epaileak Poliziari egindako deklarazioa irakurri dio Carcañori, eta hark puntuz puntu berretsi du esandako guztia. Orain arte bertsio berri hau zergatik jakitera eman ez duen galdetu dio orduan epaileak, eta Carcañok erantzun du anaiari beldurra ziola.

Fiskaltzak ez dio "bertsio berriari sinesgarritasunik eman", iturriek azaldu dutenez. Hala ere, Delgado inputatzea erabaki du epaileak. Deklaratzera noiz joango den ez du zehaztu epaileak.

Carcañoren anaia, ''suminduta'

Carcañoren azken adierazpenek ''inongo sinesgarritasunik'' ez dutela esan du Francisco Javier Delgadoren abokatuak komunikabideei egindako adierazpenetan, eta Delgado ''gai honekin guztiarekin suminduta eta harrituta'' dagoela esan du.

Halaber, Delgadok bere anaiaren kontrako ekintza legalak abiatuko dituela iragarri du abokatuak.