Itxi

Gizartea

Katalunian

Ikasle batek eskatzen badu eskola gazteleraz ematera behartuko dute

Erredakzioa

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia da. Kataluniako Gobernuak Auzitegiaren ebazpena beteko ez duela iragarri du dagoeneko. Gainera, Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkeztuko du.

0:58

Hala eskatzen duten ikasleen geletan eskolak gazteleraz ematera behartuko du Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak Generalitateko Hezkuntza Kontseilaritza. Horretarako bide judizialaren bitartez eskola gazteleraz ematea eskatu beharko dute gurasoek. Ikasleen familiek helegiteak aurkeztu zituzten eta Auzitegiak erantzuna eman du.

Epaiaren arabera, Generalitateko Hezkuntza Kontseilaritzaren sistema "ikasle hori parte den ikasgelara moldatu beharko da". Ondorioz, aldaketak ez dio soilik ikasleari eragingo, baita ikasgelako gainerako kideei ere.

Bestela, "ikaslea beste gela batean bereizi beharko dute, edo ikasgela berdinean jarraituko du, baina eskolan bananduta", auzitegiak azaldu duenez. Hala ere, Auzitegi Gorenak aukera hori baztertu zuen, eskola partikularrak diskriminatzaileak direlako, baita haurrak ikasgela ezberdinetan banatzea ere.

Horrela, "desorekarik gabe seme-alabek bi hizkuntza ofizialetan eskolak jasotzeko beharrezko neurriak hartzea" eskatu zion Auzitegiak Kontseilaritzari 2013ko urtarrilaren 3an, baina orain ikaslearen gela guztiari eragingo diotela zehaztu du.

Generalitateak ez du ebazpena beteko

Bestalde, Kataluniako Gobernuak Auzitegiaren ebazpena beteko ez duela iragarri du dagoeneko.

"Ikasgela osoko hizkuntza ezin daiteke aldatu ikasle bakar batek eskatu duelako. Aita baten borondateak ezin du gainerako familien programan eta proiektuan eragin", azaldu du Irene Rigau Hezkuntza kontseilariak Kataluniako Parlamentuan.

Kataluniako Gobernuak Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkeztuko duela iragarri du Rigauk.

Kataluniako Gobernuak "kasu partikularretan" eskolak gazteleraz emateko aukera onartzen duela azaldu du kontseilariak, baina kasu konkretu batzuek sistema osoa aldatzera behartzea ez du onartzen. Kataluniako hezkuntza sistemaren arrakasta defendatu du Rigauk.