Gizartea
Txilen, apiriletik aurrera
Etxeberria: 'Askatasunez arituko gara Nerudaren heriotza argitzeko'
Erredakzioa
Txileko poetaren gorpuzkia hilobitik aterako duen adituetako bat izango da forentse gipuzkoarra. Etxeberriak azpimarratu duenez, "Txileko Gobernuak bitarteko guztiak eskaini dizkigu".
-
Paco Etxeberria forentse gipuzkoarra. Argazkia: EFE
Paco Etxeberria forentse gipuzkoarra Txilen izango da apirilaren 8tik aurrera Pablo Neruda Txileko poetaren gorpua hilobitik ateratzeko lanetan parte hartzeko. Lan horren aurrean Etxeberriak azaldu duenez, "ez dugu inolako hipotesirik".
"Txilen ez dugu inoren presiorik jaso, ez aldekoa ezta kontrakoa ere. Inork ez digu esan zer egin behar dugun", azaldu du forentseak, "askatasunez egingo dugu lan, Txileko Gobernuak bitarteko guztiak eskaini dizkigu eta baldintza ezin hobeak izango dira, logikoa denez, lan horrek komunikabideen interesa piztu duelako".
Hipotesiak
Etxeberria Euskal Herriko Medikuntza Fakultateko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra da, eta aldi berean, Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea ere bada. Aditu honek Salvador Allende eta Victor Jara abeslaria hilobitik ateratzeko lanak ekarri ditu gogora. "Aurreko aldietan bezalakoa izango da Nerudaren prozesua", azaldu du, "hala ere, emaitzak zeintzuk izango diren ez dakizkit".
"Aztertzeko hainbat alternatiba daude, baina auzia zaila da, beste adibidetan ez beste, hemen arazo toxiko bat dugulako", azaldu du forentseak. Orain Literatura Nobel sariduna minbiziak jota edo pozoituta hil zen argitu beharko du hainbat adituk osatutako taldeak.
Oroimen historikoa
Etxeberriak ospe handia lortu zuen Estatu mailan Ruth eta Jose Kordoban desagertutako umeen auzian parte hartu ostean. Forentse gipuzkoarrak umeen gorpuzkiak identifikatu zituen eta hainbat txosten kaleratu zituen ikerketaren ondorioen berri emateko.
Halaber, oroimen historikoaren lotutako gorpuzkien identifikazioetan ere parte hartu du. Horren harira, Espainiako Gobernuaren "babes falta" deitoratu du, Euskadiren kasuan, berriz, Eusko Jaurlaritzak laguntza eskaini ohi duen bitartean.
1940 eta 1990 urte bitartean Euskadin ustez izandako ume lapurtuen auzian ere "ikerketetan egindako ahalegina" azpimarratu du. Hala ere, "zantzuek ez dute frogatu lapurreta tramak egon direnik".