Itxi

Gizartea

Dokumentazioa

Tasa judizialen lege berria ulertzeko argibideak

G. Palacios

Dokumentazio albiste honetan Espainiako Gobernuaren tasa judizialen lege berriak herritarrengan sortu dituen zalantzak argitzen saiatu gara.

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia.

Kritikak eta haserrea, alde guztietatik. Horixe lortu du Espainiako Gobernuak tasa judizialen lege berria indarrean jarrita. Epaile eta fiskalen hainbat elkarte, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, kontsumitzaileen elkarteak, herritarrak... Denak agertu dira Alberto Ruiz-Gallardonen erreformaren aurka.

Baina, zein da lege horren helburua? Herritarrek babes judizial eraginkorra izateko oinarrizko eskubidea urratzen al du? Kasu guztietan ordaindu behar al da? Tasa judizialen dirua bueltan jasotzeko aukerarik ba al dago? Horiek dira lege berri honek sortu dituen zalantzetako batzuk, datozen lerrootan modu erraz batean eta adibideekin jantzita argitzen saiatuko garenak.

ZEIN DA TASA JUDIZIAL BERRIEN HELBURUA?

Helburu nagusiak bi dira: batetik, doako justizia sistema ordaintzeko dirua biltzea, eta, bestetik, epaileen lana arintzea; izan ere, egunero milaka kasu pilatzen dira auzitegietan.

Erreforma honen bitartez, Mariano Rajoyren Gobernuak denboran atzera egin, eta frankismoan (1959) erabilitako sistema ezarri du. Orduan ezarri ziren azkenekoz tasa judizialak, eta PSOEren Gobernuak 1986. urtean indargabetu zituen.

HERRITARREN OINARRIZKO ESKUBIDEAK URRATZEN AL DIRA?

Orain arte, jurisdikzio zibilean, 10 milioi euro baino gehiago fakturatzen zituzten pertsona juridikoek soilik ordaindu behar izaten zituzten tasak. Lege berriarekin, berriz, doako asistentzia juridikoa izateko eskubidea onartuta ez duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek ordaindu beharko dituzte.

jendea_kalean_EITB

ZEIN PROZESUTAN ORDAINDU BEHAR DA?

Tasak ordaintzea jurisdikzio-ordena hauetan da derrigorrezkoa: zibila, soziala, lan auziak eta administrazio auziak. Zigor arloko jurisdikzioan ez dago tasarik ordaindu beharrik. Horrez gain, badira beste sei salbuespen:

- Gaitasun eta seme-alabatasun auziak, adingabeekin lotutako prozesuak eta ezkontideen arteko gatazkak, betiere seme-alaba adingabeen zaintza eta jagoletzarekin edo ezkontideetako batek besteari  seme-alaben izenean eskatutako elikagaiekin soilik zerikusia badute.

- Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babesteko prozesu judizialetan nahiz hauteskunde administrazioaren kontrako auzietan.

- Zordunak borondatezko konkurtsoa eskatuz gero.

- Funtzionario publikoek euren estatutu-eskubideak babesteko administrazioarekiko auzi errekurtso bat jartzean.

- Prozedura monitorio edo ahozko epaiketa bat abian jartzeko eskatzean, 2.000 eurotik beherako kantitateak eskatzeko badira.

- Administrazioarekiko auzi errekurtso bat jartzean, Administrazioaren isiltasuna edo jarduerarik eza salatzeko.

NORK ORDAINDU BEHAR DITU TASAK?

Lehendabiziko aldiz, pertsona fisikoek ere ordaindu beharko dituzte tasak, hau da, doako asistentzia juridikoa onartuta ez duten herritar guztiek ordaindu beharko dute. Alabaina, badaude bi salbuespen:

- Auzitan jarduteko baliabiderik ez dutela frogatzen duten pertsonak eta, beraz, doako asistentzia juridiko aitortuta dutenak (adibidez, urtean 14.900 euro baino gutxiago irabazten duten familia unitateak, ahalmen ekonomikoa dutela erakusten ez badute, betiere).

- Jurisdikzio sozialean kasazio edo erregutze errekurtsoa jartzen duten langileek (beste batentzat lan egin edo autonomoa izan) % 60ko tasa-salbuespena izango dute.

TASAK ITZULTZEN AL DIRA?

Tasak ez dira itzultzen, ondoko bi kasuetan izan ezik:

- Auzibidetik kanpo, emandako zerbitzuen kostua merkatzeko akordio bat hitzartzen denean.

- Zenbait auzi pilatzen direnean, horietako baten tasak bakarrik ordaindu behar dira, eta gainerako auziena itzuli egiten da.

ZEIN DA TASEN ZENBATEKOA?

JURISDIKZIO ORDENA ZIBILA:

- Hitzezkoa eta kanbio-judiziozko auzi eskea: 150 euro

- Ohikoa: 300 euro

- Monitorioa: 100 euro

- Auzibidetik kanpoko betearazpena: 200 euro

- Nahitaezko konkurtsoa: 200 euro

- Bigarren auzialdiko apelazioa: 800 euro

- Bigarren auzialdiko kasazio helegitea: 1.200 euro

JURISDIZKIO ORDENA SOZIALA:

- Erregutze helegitea: 500 euro

- Kasazio helegitea: 750 euro

ADMINISTRAZIO AUZIETAKO JURISDIZKIOA:

- Prozedura laburtua: 200 euro

- Ohiko prozedura: 350 euro

- Bigarren auzialdiko apelazioa: 800 euro

- Kasazio helegitea: 1.200 euro

urtekaria urtarrila accidente amorebieta

BOST ADIBIDE

Zirkulazioko isunak. 90 euroko isuna jasotzen duen gidari batek, adibidez, 200 euroko tasa judiziala ordaindu beharko du auzitegira jotzeko. Horrenbestez, epaiketa irabazita ere, 110 euro galduko ditu.

Diru erreklamazioak. Lan bat egin duelako, lagun bati dirua maileguan utzi diolako edo fakturak ordaindu ez dizkiotelako herritar batek hartzeko duen dirua erreklamatzeko auzitegira jotzen badu, 200 eta 1.200 euro artean ordaindu beharko ditu tasatan, auzia irabazi edo galduko duen jakin aurretik.

Aseguru-etxeak. Pertsona batek bere aseguru-etxearen kontra auzitegira jotzen badu (etxebizitzan edo ibilgailuan izandako kalteren bat konpontzeari uko egiten diolako, adibidez), 300 eta 2.500 euro arteko tasak ordaindu beharko ditu.

Erakundeen aurkako auzibideak. Herritar batek udal baten aurka edo, esaterako, Bidegiren aurka (errepide bat gaizki dagoelako edo zuhaitz bat bidera erori delako, adibidez) auzitara jotzen badu, 250 eta 850 euro artean ordaindu beharko ditu tasatan. Gainera, kopuru hori handiagoa ere izan daiteke, eskatzen den diru kopuruaren arabera.

Istripu larriak. Demagun istripu baten ondorioz tetraplegiko geratzen den gidari batek 1,3 milioi euro erreklamatu dizkiola aseguru-etxeari. Bada, helegitea jartzeko, 6.050 euro ordaindu beharko lituzke; beste 6.550 euro, erregutze-helegitea jarri behar izanez gero, eta 6.950 euro gehiago, Auzitegi Gorenera jo beharko balu.

Manifestacion_desahucios_gasteiz

ESPAINIAKO GOBERNUA, ATZERA EGIN NAHIAN

Tasa judizial berriek sortutako eskandaluaren ondotik, Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak "atzerapauso" bat eman zuen, Espainiako Herriaren Defendatzaileak egindako gomendioak bere eginda.

Gauzak horrela, inoiz baino azkarrago, 2012ko azaroaren 20an indarrean jarritako tasa judizial berrien legea aldatu zuen Gobernuak, 2013ko otsailaren 22an onartutako lege dekretuaren bidez. Baina, zein dira bigarren erreforma horren alde positiboak?

- Lehen auzialdiko kasuetarako tasa finkoak nahiz aldakorrak % 80 murriztu ditu.

- Etxegabetzeei lotutako auzietarako tasak bertan behera utzi ditu. Orain arte etxegabetze prozesu baten aurrean auzitara jo nahi zuen herritar batek izugarrizko tasak ordaindu behar zituen.

- Indarkeria matxistarekin, terrorismoarekin eta gizakien trafikoarekin lotutako auzietan, asistentzia juridikoa doakoa izango da, baita istripu larrien inguruko auzibideetan ere, ezbeharraren ondorioz kaltedunak lanik egin ezin duenean.

- Gainerako langileekin gertatzen den bezala, funtzionarioek ere % 60 gutxiago ordaindu beharko dute auzitara euren lan-baldintzak babesteko jotzen dutenean.

- Banantze edo dibortziatze kasuetan ez da tasarik ordaindu beharko, harremana bi aldeek adostuta amaitzen bada. Akordiorik ez badago, 168 eurokoa izango da ordaindu beharreko zenbatekoa.

- Kontsumitzaileek egindako erreklamazioetan ere tasak murriztu dituzte.

Alberto Ruiz-Gallardón, ante la Comisión de Justicia del Congreso. Foto: Efe

Erreforma erreformatuz, Justizia ministroak "atzera" egin du, eta kasurik mingarrienei irtenbidea ematea lortu du. Baina errealitateak erakusten du tasa judizialen lege berriarekin babes judizial eraginkorra izateko oinarrizko eskubidea urratuta geratu dela.