Itxi

Gizartea

Noos Institutua

Urdangarinek Errege Etxea eta Cristina infanta Nóosetik bereizi ditu

Erredakzioa

Urdangarin lau orduz egon da epailearen aurrean deklaratzen. Errege etxeak bere ekintzak ez zituela gidatu berretsi du eta atzerrian kontuak izatea ukatu du.

1:31

Cristina infantak ez duela Nóosen negozioekin zerikusirik adierazi du Iñaki Urdangarinek eta ukatu egin du Zarzuela jauregian Valencia Summit ekitaldia antolatzeko bilerak egin izana. Halaber, Suitzan kontuak edukitzea eta hainbat pertsona "bere izenean negozioak egiteko" erabili izana ere ukatu du.

2006ko martxoan Errege Etxeak aholkatuta Nóos institututik urrundu zela esan du Urdangarinek, eta ordutik aurrera, kirol arloko gaiekin soilik parte hartu duela azaldu du, ez kudeaketan.

Diego Torres bazkide ohiak emandako posta elektronikoak baliogabetu ditu. Bestalde, epaileak Zarzuelako bisiten erregistroa eskatuko duela iragarri du, aipatutako bilera bertan egin zen ala ez argitzeko.

'Errege-etxeak ez zituen nire ekintzak babestu'

Errege-etxeak bere ekintzak ez zituela gidatu, babestu ezta baimendu ere esan dio Iñaki Urdangarinek epaileari. Dukearen esanetan, egin zuten gauza bakarra Noós Institutua uzteko gomendioa ematea izan zen, hango ekintzak bere estatusarekin bat ez zetozelako. Ondorioz, Institutua utzi egin zuela azpimarratu du.

Epaileen galderei erantzun baino lehen, Urdanagarinek adierazpen bat irakurtzeko baimena eskatu du.

"Prozesu honekin ustez lotutako dokumentazio eta posta elektroniko zehatz batzuen hedapena dela eta, azken asteetan instrukzio honen arreta aldatu egin da Errege Etxearen paperaren inguruko prozesu publikora".

Horrela hasi du adierazpena Palmako dukeak. Ildo honetan, "Erregearen Etxeak ez zituen nik Noos Institutuan egiten nituen jarduerak babestu, gidatu ezta baimendu ere", esan du.

"Aitzitik, Administrazio Publiko kontratugileen kexa politikoen berri izan zuenean, Errege Etxeak nire estatus instituzionalarentzat egoki ikusten ez zituen ekintzak bertan behera uzteko gomendioa helarazi zidan, eta horixe egin nuen", nabarmendu du dukeak.

Adierazpen hau irakurri ostean, Castro epaileak 30 minutuz galderak egin dizkio, eta jarraian, ustelkeriaren aurkako fiskalen galderak hasi dira. Juan Carrau, Pedro Horrach, Miguel Angel Subiran eta Ana Lamas fiskalek egin dizkiote galderak, hain zuzen.

Konfiantza aholkulariengan

Halaber, Virginia Lopez Negrete Manos Limpias sindikatuko abokatuak jakinarazi duenez, aholkulariak zituela eta haiengan konfiantza zuela esan du Urdangarinek epailearen aurrean. Halaber, irregulartasun administratiboren bat egin badu, ondorioak bere gain hartuko dituela azpimarratu du Palmako dukeak.

Posta elektronikoen aurka

Diego Torresen posta elektronikoen aurka egingo duela iragarri du Mario Pascual Vives Iñaki Urdangarinen abokatuak; izan ere, dokumentu horien sinesgarritasuna zalantzan jarri du.

Deklarazioan, epaileak eta fiskalak Madrid 2016 Fundazioaren kontratazioaren inguruan galdetu diote Urdangarini. Epailearen arabera, Madrileko Udalak 120.000 euro eman zizkion Noos Institutuari, besteak beste, Madril 2016 hautagaitza olinpikoa sustatzeko.

Hautagaitza horren alde "presio lobby" gisa jokatu zuela onartu du dukeak, baina ukatu egin du lan hori egiteagatik dirurik jaso izana, eta orain urtebeteko deklarazioaren ildo berei heldu die Palmako dukeak.

Lau orduz deklaratzen egon ostean, Urdangarin 14:15etan atera da epaitegitik.

Irainak eta protestak

Iñaki Urdangarin 09:12etan iritsi da Palmako epaitegira, Noos Institutuaren ustezko irregulartasunak direla eta, bigarrenez inputatu gisa deklaratzeko.

Lehengo urtean bezala, Urdangarin oinez sartu da epaitegira, eraikineko atzeko aldeko aldapatik dagoen sarreratik, larunbatean irekita dagoen bakarretik, hain zuzen.

Palmako dukea Mario Pascual bere abokatuarekin batera iritsi da eta oraingoan ez du kazetarien aurrean deklaraziorik egin.

Ehun lagun inguruk irainka hartu dute eta "lapurra, itzul ezazu dirua" bezalako oihuak entzun behar izan ditu.

Espainiako eta nazioarteko 70 hedabidetako 200 kazetari inguruk eskatu dute Cristina infantaren senarraren epaitegiko saioa jarraitzeko agiria, ia 2012ko otsailaren 25ean bezain beste, epaile batek errege-familiako kide bat lehenengoz galdekatu zuenean.

Oraingo honetan, deklarazioa ikus-entzunezko materialarekin grabatu dute; aurreko urtean ez zuten egin deklaratu behar zuenaren defentsak hala eskatu zuelako eta hori da deklarazioa beste gela batean egiteko arrazoia.

Torresek inplikatutakoak

Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak aurreko astean epailearen aurrean esan zuenez, Palmako dukeak eta Torresek berak Valencia Summit kirol-foroa negoziatu zuten Zarzuelako jauregian.

Halaber, Torresek azpimarratu zuenez, infantak eta Garcia Revengak zeregin aktiboa zuten Noos Institutuaren batzordean, eta gainerako kideek bezala, erabakiak hartzen zituzten.