Itxi

Gizartea

Karguari uko egin dio

Nor izango da aita santu berria?

Erredakzioa

Oraindik ez dago Benedikto XVI.a ordezkatzeko hautagai ofizialik, baina hipotesi baten arabera, litekeena da hurrengo aita santua Latinoamerikako herrialderen batekoa izatea.

1:35

Benedikto XVI.a aita santuak kargua utziko du otsailaren 28an, eta, beraz, aita santu berria aukeratu beharko da. Balizko hautagaien zerrenda oso luzea da, baina hipotesi baten arabera, litekeena da hurrengo aita santua Latinoamerikako herrialderen batekoa izatea.

Kristauen % 42 Latinoamerikan bizi dira, 1.200 milioi guztira. Bestalde, % 25 baino ez dira europarrak. Azken bi aita santuak europarrak izan dira: poloniarra Joan Paulo II.a eta alemana Benedikto XVI.a; beraz, baliteke latinoamerikarrek beren aukera izatea.

Duela hilabete batzuk, Vatikanoko bi goi kargudunek hurrengo aita santuaren gaineko arrastoak eman zituzten. "Kargu hori bete dezaketen Latinoamerikako gotzain eta kardinal asko ezagutzen ditut. Kristautasunaren arreta ez dago Europan bakarrik", adierazi zuen Gerhard Mueller artzapezpikuak.

Bestalde, Kurt Koch kardinalaren iritziz, Eliza Katolikoaren etorkizuna ez dago Europan: "Ona litzateke Afrikako edo Hego Amerikako hautagai bat egotea; ongi prestatutako hautagai europar baten eta ez europar baten artean bigarrena aukeratuko nuke".

Oraindik, ez dago Benedikto XVI.a ordezkatzeko hautagai ofizialik, baina ondorengo hauek aita santu izateko aukerak dituzte.

-Odilo Scherer, Brasilgo Sao Paulo elizbarrutiko artzapezpikua.

-Leonardo Sandri kardinal argentinarra. Gaur egun, Ekialdeko Eliza Katolikoari dagokion saila zuzentzen du Vatikanoan.

-Peter Turkson, Vatikanoko Justizia eta Bake saila zuzentzen duen artzapezpiku afrikarra. Bera da Afrikako hautagai nagusia.

-Angelo Scola, kardinal italiarra eta Europako hautagai nagusia.

-Cristoph Schoenborn kardinal austriarra.

Azkenik, bada aita santuaren aukeraketari buruzko beste datu esanguratsu bat: boto eskubidea duten kardinalen erdiak europarrak dira.