Itxi

Gizartea

Benedikto XVI.a

Horrela jarraitu dugu aita santuaren iragarpena

D.P./ A.A./E.A.

Otsailaren 28an zereginari uko egingo diola iragarri du Benedikto XVI.ak. Orain urtebete hartu omen zuen erabakia.

  • Benedikto XVI.a aita santua. EFE

    Benedikto XVI.a aita santua. EFE

Hilaren 28an bere zereginari uko egingo diola iragarri du Benedikto XVI.ak. Kardinalen konklabeak martxoan aukeratuko du aita santu berria, eta, ondoren, Benedikto XVI.ak Vatikanoko klausura monasterio batean hartuko du erretiroa.

Horrela jarraitu dugu eitb.com-en aita santuak ministerioa utziko duela iragartzeko egindako adierazpenak eman dituenak:

19:55. Aita santuak orain urtebete hartu zuen erabakia, L'Osservatore Romano egoitza santuko egunkariko zuzendariak jakitera eman duenez.

19:33. Aita santuaren agenda datozen egunetarako (2): Hilaren 17an hasita, gogo-jardunak egiteko bakartuko da Benedikto XVI.a, astebetez.

19:00. Antonio Maria Rouco Varelak prentsaurrekoan esan duenez, ez daki ''ezer'' aita santu berria izan daitekeenaz, baina ''inoiz ez daude saltoak aitasantutzetan'', haren hitzetan. Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidenteak, halaber, Benedikto XVI.ak gazteekin zuen ''harreman ona'' azpimarratu du.

18:52. Espainiako hamar kardinal hautagai dira Benedikto XVI.aren lekukoa hartzeko. Horietatik bostek botoa eman dezakete.

18:47: Hurrengo aita santua ''garaiarekin eta egungo erronkekin bat datorrena izatea'' espero duela esan du Mario Iceta Bilboko gotzainak, arratsaldean eskaini duen prentsaurrekoan.

18:24. Aita santuaren agenda datozen egunetarako: asteazkenean jendaurreko audientzia egingo du, eta, arratsaldez, Errauts eguneko ekitaldietan buru izango da.

18:20. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak errespetua agertu dio Benedikto XVI.ari. Haren aitasantutzako aldia ''laburra baina oso zaila'' izan dela esan du.

18:05. Francisco Perez Gonzalez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuaren hitzetan aita santu ''miresgarria'' izan da Benedikto XVI.a, ''jakituria handia eta eliza gidatzeko buru-argitasuna erakutsi baititu''.

17:45.: Benedikto XVI.ari agur egiteko ekitaldia antolatuko du Vatikanoak. Mundu osoko jarraitzaileak eta herrialde askotako agintariak espero dituzte.

16:58. "Jainkoaren errukiaren botereaz fidatu behar dugu beti. Denok gara pekatari, baina Jainkoaren graziak gure bizitza eraldatu eta berritu egiten du". Hori izan da Benedikto XVI.ak @Pontifex_es Twitterreko kontuan atzo argitaratu zuen azken txioa.

16: 34. Mario Iceta Bilboko gotzainaren aburuz, Benediktoren erabakia "ausarta da, eta aita santuak bere ministerioan izan duen askatasuna islatzen du". Icetak prentsaurrekoa eskainiko du gaur arratsaldean, Santiago katedralean.

16:30. Benedikto XVI.ak hainbat liburu idatzi ditu. Aipagarrienak Nazareteko Jesusi buruzko trilogia eta Nire Bizitza idatzi autobiografikoa dira.

16:04. Twitterren, #elpapadimite eta #Papa hashtagak dira gairik aipatuenetako batzuk. Horrez gain, hurrengo aita santua nor izango den esateko kiniela ere martxan jarri dute (#PorraPapaNuevo).

15:50. Jose Manuel Garcia Margallo Kanpo Arazoetarako ministroak aita santuaren erabakia babestu du eta Espainiara egin dituen bisitengatik eskertu dio Benedikto XVI.ari.

15:42. Zerbitzu "baliotsuak" eskaini izana eskertu dio Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak Benedikto XVI.ari. Asurmendiren hitzetan, aita santuak zereginari uko egin izanak "Eliza gobernatzeko betebeharrak egungo egoerara" moldatzen jakin duela erakusten du.

14:58. Antonio Maria Rouco Varela Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidenteak esan duenez, "atsekabetuta" eta "umezurtz" utzi du aita santuak zereginari uko egingo diola iragarri izanak.

14:38. Aita santu berria aukeratuta, Benedikto XVI.ak Vatikanoko klausura monasterio batean hartuko du erretiroa, Lombardik azaldu duenez.

14:01. Georg Ratzinger Benedikto XVI.aren anaiak aita santuaren osasunari buruzko azalpenak eman ditu. Ibiltzeko gero eta zailtasun gehiago ditu, eta horrek bizitza publikoa zailtzen dio, horren esanetan. "Adin horrekin, nire anaiak lasaitasun gehiago nahi du".

13:59. Mario Monti Italiako lehen ministroak azaldu duenez, Benedikto XVI.ak bere ministerioari uko egitea erabaki izanak "aztoratu" egin du.

13:55. Nolakoa izango da konklabea? Vatikanoko Kardinalen Elkargoko 120 kardinalek aukeratuko dute aita santu berria. Kapera Sixtinoan eta kargua hutsik gelditu eta hamabost egunera egin ohi da konklabea. Horrela, aita santu berria aukeratzeko konklabea martxoaren erdi aldera has liteke.

13:50. Ez da baztertu behar aita santu berria latinoamerikarra izatea; izan ere, bertan bizi dira munduko katolikoen % 42. Odilo Scherer Sao Pauloko artzapezpikua eta Leonardo Sandra argentinarra dira faboritoak.

13:38. Aita Santuaren dokumentuak filtratuta 'Vatileaks' izenarekin ezagutu zen eskandalua piztu eta Paolo Gabriele etxezainari indultua eman ostean egin dio uko bere ministerioari Benedikto XVI.ak.

13:33. Benedikto XVI.ak gaixotasun larririk ez duela eta karguari indarrik ez duelako egin diola uko azaldu du Lombardik.

13:26. Mario Iceta Bilboko gotzainak Cope irratian esan duenez, "aita santuari indar gutxi zuela nabaritzen zitzaion". "Bere helburua beti izan da, beste inongo loturarik gabe, Jainkoa eta Eliza zerbitzatzea".

13:22. Vatikanoaren bozeramaileak azaldu duenez, apaiz pederasten eskandaluek ez dute Benediktoren erabakian eragin.

13:12. Kardinalen konklabeak aita santu berria martxoan aukeratuko duela uste du Vatikanoak. Joseph Ratzinger klaustroaren bigarren egunean aukeratu zuten, 2005ean. Oraingoan, ez du parte hartuko.

13:04. Benedikto XVI.a Castel Gandolfora joango da, Aulki Hutsa hasten denean. Aita santu berria aukeratzen dutenean, Benedikto XVI.a Vatikanoko klausurako monasterio batera erretiratuko da, Federico Lombardik azaldu duenez.

12:56. Angelo Scola Milaneko artzapezpikua eta Marc Ouellet Kanadako kardinala dira beste hautagaietako batzuk.

12:50. Aita santu beltza aukeratuko al dute? Peter Kodwo Appiah Turkson Ghanako kardinala hautagai aipatuenetako bat da.

12:46. Aita santuaren dimisioa ustekabe bat izan da Vatikanoarentzat ere, Federico Lombarda Egoitza Santuaren bozeramaileak azaldu duenez.

12:44. Hurrengo aita santua aukeratzeko aukeratzeko konklabea 2013ko otsailaren 28an hasiko da, 20:00ean, Erroman.

12:42. Aita santuak zereginari uko egin diezaioke? Zuzenbide Kanonikoan agertu egiten da aukera hori: "Baldin gerta baledi Erromako Pontifizeak bere zereginari uko egitea, baliotasunerako galdatzea da, ezen ukapena izan dadila libreki egina eta taxuz agertua, ez horratik izan dadila inork onartua". Zuzenbide Kanonikoaren Kodeko 332,2 kanona da, auzia epaitzeko balio duen idatzi bakarra.

12:35. Karguari uko egin zion azken aita santua Gregorio XII.a izan zen, 1415ean.

12:32. Aita santuaren anaiak, 89 urteko Georg Ratzingerrek, Benediktok kargua utziko duela berretsi du eta arrazoia aita santuaren adina izan dela azaldu du.

12:28. "Askatasun osoz, Erromako apezpiku eta San Petriren ondorengoa izateari uko egingo diot": hitz horiekin iragarri du aita santuak erabakia.

12:22. Otrantoren martirien kanonizaziorako kontsistorioan iragarri du Benedikto XVI.ak erabakia: "Nire adina dela-eta egitekoa gauzatzeko indar nahikorik ez dudala ikusi dut".

12:19. Aita santu berria aukeratzeko konklabea martxoan egingo dute.

12:16. Duela 600 urte utzi zuen aita santu batek kargua azkenezkoz.

12:10. 2005ko apirilaren 19an Joan Paulo II.a hil ostean, Joseph Ratzinger aita santu izendatu zuten.

12:03. Vatikanoak aita santuak kargua utziko duela berretsi du.

11:59. Iturri horiek ere Joseph Ratzingerrek kargua otsailaren 28an utziko duela adierazi dute.

11:51. Ansa agentzia italiarrak Benedikto XVI.ak kargua utziko duela iragarri du.