Itxi

Gizartea

Noos auzia

Urdangarinek eta Torresek ez dute bermea ordaindu

Erredakzioa

Orain, epaileak ondasunak bahituko dizkie, berme osoa kitatzeko beste eduki arte.

0:57

Bermea ordaintzeko epaileak emandako bost eguneko epea bukatuta, Urdangarinek eta Torresek ez dute 8,1 milio euroko fidantza ordaindu. Gauerdira arte zuten tartean, baina ez dute ordainketarik egin.

Jose Castro Noos auziko epaile instruktorearen hurrengo urratsa Urdangarini eta Torresi euren ondasunen zerrenda eskatzea izango da.

Bi inputatuek euren emazteen (Cristina infanta eta Ana Maria Tejeiro, hurrenez hurren) ondasunak ere aurkeztu ahal izango dituzte. Torresen emaztea ere inputatuta dago auzi honetan.

Ondasunen zerrenda aurkeztu ezean, epaileak Zerga Agentziari eskatuko dio informazioa.

Bahitu ditzaketen ondasunen artean Pedralbesko Jauregia (Bartzelona) egon liteke, Urdangarinek dituen ondasunen artean baliotsuena baita (ia 6 milioi eurokoa da).

Urdangarinek helegitea jarri du 'bidegabe pobretzea' eragingo diolako

Noos kasuko epaileak 8,2 milioi euroko bermea berresten badu, "bidegabeko pobretzea" pairatuko duela adierazi du Iñaki Urdangarin Palmako Dukeak. Salatu duenez, diruaren onuradunak "bidegabe aberastuko dira".

Abokatuaren iritziz, ezarritako bermea "gehiegizkoa da". Halaber, epaileak 8,2 milioi euroko bermearen kontrako helegitea onartzen ez badu, horrek esan nahiko du "Diego Torresen abokatuak aurkeztutako fakturak ez direla hartu kontuan".

Halaber, Iñaki Urdangarin Palmako dukeak ohartarazi du Auzitegi Konstituzionalera jotzea aztertzen ari dela defentsarako eskubidea urratzeagatik.

Efe agentziak jakinarazi duenez, 8,1 milioi euroko fidantzari aurkeztutako helegitean, berme hori kentzeko eskatu dio dukearen defentsak epaileari, "neurriz kanpokoa" dela eta horrek "bidegabe pobretzea" ekarriko liokeela argudiatuta; izan ere, dagoeneko Ogasunari BEZ eta PFEZ kontzeptu gisa ordaindutako zergak berriro ordaintzea eragingo luke.

Urdangarinek jarritako helegiteak ez du fidantza ordaintzeko epea baliogabetzen eta gauerdira arte du kopuru hori ordaintzeko tartea.

Mario Pascual Vives abokatua fidantzarik jartzearen aurka azaldu da, baina "bidezkoena 5,9 milioi eurokoa jartzea" izango litzakeela esan du, hori baita, horren hitzetan, Polizia Judizialaren arabera Noos Institutuak Valentzian eta Balearretan eginiko kongresuetako faktura faltsuen kopurua.

Halaber, bere bezeroaren defentsarako eskubidea urratu dela argudiatu du Pascual Vivesek eta "zehazki zein delitu egozten dizkioten" ez dakiela esan du.

Influentzia trafikoaren delitua ere egotzi berri diote, abokatuaren esanetan, eta horrek guztiak "babesik gabe" uzten duela esan du, "aurrera egin ahala, delitu berriak bilatzen ari direlako".

Azken delitu hau "Espainiako erregearen familiakoa" delako jarri diotela esan du helegitean, eta Noosek antolaturiko kongresuek "Valentzia eta Palma Europako turismorako eta kirolerako mapan egotea ahalbidetu zuten", azpimarratu du.

Azkenik, "arlo fiskal eta administratiboa" ez zela bere bezeroaren lana berretsi du abokatuak eta "entitateak eginiko kongresuek Valentziari eta Balear Uharteei ekarritako onura ekonomikoak" frogatzeko epaileari txostenak emango dizkiola gaineratu du.