Itxi

Gizartea

Bilera sektoriala

Wert: 'Hizkuntza koofizialak eta gaztelania berdin tratatuko dira'

Erredakzioa

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, bestalde, erakundeen artean “errespetuzko” harremana eskatu du, eta euskararentzat kaltegarriak izan daitezkeen aldaketak onartuko ez dituela ohartarazi du.

0:33

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak esan duenez, hezkuntza-erreformaren testuak era ''egokian'' argituko du hizkuntza koofizialek gaztelaniazko ikasgaien tratamendu bera jasoko dutela, ebaluazioari eta ordutegiari dagokionez.

Erkidegoetako Hezkuntza ordezkariekin egin duen bileraren ondoren egin ditu adierazpenak, prentsaurrekoan. Bertan azaldu duenez, erreformak biltzen dituen ikasgaien ''interpretazio oker'' baten ondorioz sortu da hizkuntza koofizialen inguruko ''nahasmena''.

Jaurlaritza ez da itxi

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, bestalde, hezkuntza erreformako eskumenetan ''ziurgabetasunak'' daudela azpimarratu du, eta oraindik geratzen den negoziaziorako aukera aprobetxatzeko prest agertu da.

''Ministroaren jarrera irekia izan da, elkarrizketarako prest'', esan du bileratik irtetean.

Uriartek azaldu duenez, eskumen mailan ez dute ezer aurreratu gaurko bileran, eta oraindik lan egin beharko da hizkuntza koofizialen gaian eta Lanbide Heziketarena erreforman.

"Lanean eta laguntzen jarraitzeko prest gaude, eta, oraingoz, ez gaude itxita. Zirriborroa ez da itxi. Oraindik jarraitzeko denbora dago, baina dagoeneko ez konferentzian. Parlamentuko izapide guztiak geratzen dira. Asko dugu egiteko oraindik", esan du sailburuak.

''Errespetuzko harremana''

Asteazken honetako bileran Euskadiren eta Estatuaren artean ''aldebiko'' harremana eskatu du sailburuak, eta harreman hori Euskadiren eskumenekin eta berezitasunekin ''errespetuzkoa'' izatea defendatu du.

Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, gaztelania hizkuntza koofialekiko goragoko maila ez egotea planteatu du Uriartek. Halaber, hizkuntzen arteko harremana ''elkarbizitzan'' oinarrituta egon beharko lukeela esan du, eta ez ''elkarren alboan bizi direnen'' arteko harreman batean oinarrituta. Halaber, Euskadik bere ''errezeta propioak'' abiatzeko ''autonomia erreala'' izatea defendatu du.

Eskumenak

Hezkuntza erreformaren egungo testuan aldaketak egitea eskatu du Euskadik, enbor-ikasgaiak aukeratzeko, ebaluazio irizpideak zehazteko eta helburuak finkatzeko orduan Jaurlaritza eskumenik gabe uzten duelako egungo testuak.

Halaber, Lanbide Heziketa ''duala''ren kontra ere agertu da Uriarte.

Erreforma egiteko beharra

Azkenik, hezkuntza mailako araudian zazpigarren erreforma izango dena egiteko beharraren inguruan azterketa ''zehatza eta zintzoa'' egin behar dutela defendatu du  Uriartek, eta Euskadik ''Estatuko emaitzarik onenak'' dituela gogoratu du.