Aita santua aukeraketa 2013: Jorge Mario Bergoglio, Frantzizko aita santua | EITB Aita santua aukeraketa

Frantzisko aita santua

16:29

Frantzisko aita santua

Bergoglio

Ustekabea eta poza euskal jesuiten artean, aita santu berriarekin

Iñigo Herce

Loiolako jesuiten buruak, Juan Jose Etxeberriak, Frantzisko aita santuaren izendapena ezustea izan dela aitortu du.

1:36
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Loiolako probintziako jesuitek harriduraz baina pozez hartu dute Jorge Mario Bergoglioren izendapena. Aita santu berriak Jesusen Lagundiaren nortasuna eta izaera Elizan txertatzen lagunduko duela espero dute.

Loiolako jesuiten buruak, Juan Jose Etxeberriak, izendapenaren albisteak ezustean harrapatu dituela aitortu du, aurretik inoiz ez baita Erromako gotzaina jesuita izan. Baina, aldi berean, Etxeberriak lagundiko anaien poza adierazi du, nahiz eta aurrean lana zaila duen jakitun izan.

"Oso une zaila egokitu zaio. Ikuspuntu politiko, ekonomiko eta sozialetik, urrean

dituen erronkak ez dira nolanahikoak. Gaur egun aita santu izatea lan itzela da", adierazi dio EiTBri.

Zer-nolako tokitan geratuko da Jesusen Lagundia, kide bat Eliza Katolikoaren gailurrera iritsi ondoren? "Ikusiko dugu", esan du Etxeberriak. "Egoera guztiz berria da denontzat, bai aita santuarentzat, baita Jesusen Lagundia osatzen dugun guztiontzat ere", gaineratu du.

"Gure nortasuna, gure karisma eta espiritualtasuna izan litezke bere ekarpenak. Eta agian hori lagungarri izango zaio", azaldu du Etxeberriak.

Jesuiten lekua indartuko ote den edo ez galdetuta, Benedikto XVI.ak 2008an jesuitei "mugan" lan egiteko eskaera eta agindua eman ziela ekarri du gogora Loiolako probintziaburuak.

"Hori oso garrantzitsua izan zen guretzat, Elizaren lehen mailan jarri gintuelako berriz ere. Orduz geroztik, muga horien bila gabiltza: elizaren barruko mugetan, beste erlijioekin elkarrizketan, txirotasunean, marjinazioan eta bidegabekerietan... Hortxe kokatu gara azken urte hauetan", azpimarratu du.

Jorge Bergoglio jesuitek Eliza Katolikoan egun zuten kardinal bakarra zela esan du, "eta Elizaren zerbitzurako eskaini dugu". Argentinako bizitzan "guztiz murgildutako gizona da, jendearekin konpromiso estua izan duena". Berarekin Alcalá de Henaresen formakuntzan parte hartu duten lagundiko beste anaia batzuek pertsona "gertuko" bezala gogoratzen dute. Hori dela eta, aita santu berriak Eliza barruan elkarrizketa bultzatzea espero du Juan Jose Etxeberriak.

Aurrean dituen erronkei aurre egin eta helduko diela sinetsita dago Jesusen Lagundiko Euskal Herriko burua, baina zuhurtziaz hitz egin du haren ibilbidea zein izango den aurreratzeko garaian.

"Ikusi beharko dugu", esan du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena