Aita santua aukeraketa 2013: Jorge Mario Bergoglio, Frantzizko aita santua | EITB Aita santua aukeraketa

Frantzisko aita santua

13:35

Frantzisko aita santua

Benedikto XVI.aren ukoa

Aita santua menderatu duten azpijokoak

D.P.

Benedikto XVI.ak ustelkeriei aurre egiteko indarrik eta gogorik gabe ikusi du bere burua, eta aita santu gazteago batek Vatikanoa garbitzeko egin dio uko ministerioari.

  • Benedikto XVIa. EFE

    Benedikto XVIa. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Benedikto XVI.a beldur da". Adierazpen hori Giuliano Pisapia Milango alkateak esan zion Gianluigi Nuzzi Vatileaks auziaren berri eman zuen kazetari italiarrari, iazko ekainean aita santua-rekin bildu eta gero, eta ezin hobe erakusten du Joseph Ratzingerrek ustelkeriei aurre egiteko eta Vatikanoa garbitzeko indar nahikorik ez zuela.

"Aita santua nazkatuta zegoen. [...] Berorren santutasunak Vatikanoaren azpikeriei aurre egiteko gaitasunik gabe ikusten zuen bere burua. [...] Ez zuen indarrik merkatariak tenplutik botatzeko". Paolo Gabriele aita santuaren etxezain ohiaren hitzak dira orain. Vatileaks auzia eragin zuena da, Vatikanoan milaka agiri sekretu ostu eta Nuzzi kazetariari igorrita.

Aita santuari laguntzeko egin zuela argudiatu zuen Gabrielek, hau da, munduak Vatikanoaren barruan gertatzen ari zena ezagutu dezan. Ustezko asmo onak gorabehera, traizio egin zion Benedikto XVI.ari, hots, laguntzaile estuenak eta gertukoenak egin zion traizioa pontifizeari.

Benedikto XVI.ak otsailaren 11n egin zion uko aitasantutzari, adin kontuak argudiatuta.

Harrezkero, baina, Vatikanoaren erraien argazki zuzena irudiztatzen duten hainbat adierazpen egin ditu.

Adibidez, ukoa iragarri eta bi egunera, hausterre-eguneko homilian, zatiketek "Elizaren aurpegia desitxuratu" egiten duela salatu zuen. Otsailaren 17ko Angelus otoitzan, Jainkoa "interes propioetarako" ez erabiltzeko deia egin zuen. Hilaren 23an, Elizan "sufrimendua eta ustelkeria" daudela ohartarazi zuen. Eta 27an, Vatikanoan egindako azken audientzian, bere aitasantutzan "une zailak" izan dituela aitortu zuen.

Despedida papa Benedicto XVI aita santua EFE

(Benedikto XVI.ak 150.000 pertsonaren aurrean esan dio agur aitasantutzari, San Petri plazan. EFE)

Italiako hedabideen arabera, Benedikto XVI.ak abenduaren 17an erabaki zuen aitasantutza uztea, 300 orriko txosten bat jaso eta gero.

Hain zuzen ere, hiru kardinalek (Julian Herranz, Josef Tomko eta Salvatore De Giorgi) Vatileaks auziari buruz egindako ikerketaren emaitzak daude agiri horietan. Benedikto XVI.ak baino ez ditu irakurri, eta bere bulegoko kutxa gotorrean gorde ditu, hurrengo aita santuari emateko.

Hiru kardinalen ikerketak agerian utzi du Vatikanoan agintea lortzeko borroka sutsuak, iruzur ekonomikoak eta sexu harremanak daudela, La Repubblica egunkariak argitaratu duenez.

Txostenak hainbat protagonista ditu, baina, guztien gainetik, Tarcisio Bertone Vatikanoaren estatu idazkaria aipatzen du. Besteak beste, Vatikanoaren Bankua (IOR) garbitzeko ahaleginak boikotatu izana egozten diote.

Bertonek jazarpen zorrotza abiatu zuen Ettore Gotti Tedeschi IOReko presidente ohiaren aurka, eta urrun bidaltzea agindu zuen, AEBetara hain zuzen ere.

Gotti Tedeschi aita santuaren lagun mina da, eta horrek 2009an izendatu zuen 'Jainkoaren bankari', finantza erakundean diru-garbiketaren aurkako nazioarteko legeak ezartzeko.

Vatikanoko Bankuan pertsona eta erakunde erlijiosoek eta Vatikanoko herritarrek baino ezin dute kontu-korronterik ireki, baina, praktikan, erakundearen funtzionamendua oso iluna da, eta dirua garbitzeko erabiltzen dela salatu dute Herranz, Tomko eta De Giorgi kardinalek.

La Repubblica egunkariaren esanetan, "baliteke Bin Ladenek eta mafiak ere izatea dirua Vatikanoko Bankuan".

Tarcisio Bertone EFE

(Tarcisio Bertone kardinala, eguzki-betaurrekoekin. EFE)

Vatileaks auziari buruzko ikerketa, baina, ez zen izan aita santuak azpijokoen eta ustelkerien berri izan zuen lehen aldia. Aldez aurretik, Carlo Maria Vigano artzapezpiku eta Vatikanoaren Gobernuko 'bigarrena' izandakoak ere zehaztu zizkion Egoitza Santuaren trapu zikinak.

Vatileaks auziaren berri eman zuen kazetariaren hitzetan, Viganoren azalpenek aztoratu egiten zuten Benedikto XVI.a, eta, hori dela eta, otoitz egitera joaten zen harekin batzarrak egin eta gero.

Joan Paulo II.aren garaietan, Vatikanoan artzai onak ez ezik, konspiratzaileak, iruzurgile fiskalak eta sexu maniakoak ere nahasi ziren. Denen aurka borroka egiteaz nekatuta, klausurako monasterio batera joatea erabaki du Benedikto XVI.ak, azpikeriek menperatu egin dutela jakinda.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena