Itxi

Ekonomia

HEZKUNTZAKO GATAZKAREN AMAIERA

Zer adostu dute sindikatuek eta Hezkuntza Sailak?

eitb media

Ratioak jaistea, irakastorduak murriztea, hezkuntza publikoa euskalduntzea eta soldaten igoera dira puntu garrantzitsuenetako batzuk.

  • Areatza ikastola publikoko irakasle bat haurrekin gelan. Argazkia: Irekia

    Areatza ikastola publikoko irakasle bat haurrekin gelan. Argazkia: Irekia

Sindikatuen gehiengoa eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila adostasunera iritsi ziren atzo gauean, azkenean, hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko irakasleen lan-baldintzak hobetzeko eta grebak eta mobilizazioak ekarri dituen lan-gatazkari amaiera emateko.

Baina, zer adostu dute?

- Zuzendaritza taldeetarako baliabide gehigarriak.

- Ongizate eta babeserako koordinatzaileak, besteak beste, hezkidetza lantzeko ere baliagarriak izango direnak.

- % 7ko soldata igoera irakasle guztientzat. Ikasturtez ikasturte, horrela gauzatuko dira igoerak: 2025-26 ikasturte hasieratik % 2koa, 2026-27an % 2,5ekoa eta 2027-28an % 2,5ekoa.

- Erretiro adina aurreratzeko formula adostu dute, 18 hilabetez aurreratzeko aukera jasota 60 urtetik erretiro adinera bitarteko jardunaldi murriztuak pilatuz. Denbora tarte horretan, urte eta hiru hilabetez zuzenean etxera joan ahalko dira irakasleak, eta gainerako hiru hilabeteetan zuzeneko arretarako eskolarik eman beharrik ez dute izango.

- Behin-behinekotasun tasa % 5etik behera kokatuko da, eta oposaketa eredua negoziatzeko aukera jasoko da.

- Haur eta Lehen Hezkuntzan 21 ordura jaitsiko dira ikastorduak, 22 izango dira gehienez 2025-26 ikasturtean eta 21, berriz, 2026-27 ikasturtetik aurrera. Bigarren Hezkuntzako araubide bereziko ikasketak eta Lanbide Heziketako irakasleek 17 eskola-ordu emango dituzte gehienez, Hedatze edo izaera analogoko programak barne.

- Ratioei dagokienez, Lehen Hezkuntzan 23 ikasletik 22ra jaitsi da gehienezko kopurua, eta Haur Hezkuntzan adin desberdinetako ikasleak elkartzen diren ikasgeletan (2-3 urtekoak kenduta) 20 ikasletik 19ra.

- Hezkuntza publikoaren sektorean 800 behargin gehiago jarriko dira lanean.

- Hizkuntza proiektuetarako koordinatzaileak. Hezkuntza konplexutasun indize oso altuko eta altuko ikastetxeetarako: 15 talde arte, 0,5 jardunaldi; 16 taldetik aurrera, 1. Gainerako ikastetxeetarako irakasleak, hurrengo irizpideen arabera: euskarazko hizkuntza-gaitasunaren ikastetxearen barne-ebaluazioko emaitzak, ikastetxeak euskarazko hizkuntza-gaitasunaren ebaluazioan egindako ebaluazio diagnostikoaren emaitzak eta testuinguru soziolinguistikoa. 2025-26 ikasturtean pilotaje bat hasiko da gutxienez HKI altu eta oso altuko 10 ikastetxetan, 2026-27 ikasturtean HKI altu eta oso altuko zentroetara zabalduko da eta 2027-28 ikasturtean gainerako zentro guztietara. Kalkuluen arabera, 350 irakasletik gora. EUSLE programa Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara zabalduko da, eta HIPI eta EUSLE baliabide gehiago jarriko dira. 2025-26 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN