Ekonomia
Hezkuntza
Akordioa Hezkuntza Sailak, Steilasek, LABek, Interinok Taldeak, CCOOk eta UGTk lan-gatazka desblokeatzeko
EITB Media
Greba deialdiak, ondorioz, bertan behera geratu dira. Akordioaren arabera, eskola-orduak 21era murriztu behar dira Lehen eta Haur Hezkuntzan, eta 17ra Bigarren Hezkuntzan. Gainera, hezkuntza publikoaren sektorean 800 behargin gehiago jarriko dira lanean. ELAk ez du akordioa babestu.
-
Hezkuntzako langileen mobilizazioa. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Steilasek, LABek, Interinok Taldeak, CCOOk eta UGTk akordioa sinatu dute bart sektoreko lan-gatazka desblokeatzeko, sindikatuek ohar bidez aurreratu dutenez. ELAk, ostera, ez du akordioa babestu. Ondorioz, gehiengo sindikalarekin adostasuna lortu denez, LABek iragarri du bertan behera geratu direla datorren asterako deitutako greba deialdiak eta gaur egin behar zituzten protesta ekitaldiak.
Steilasek azpimarratu du ordezkaritza sindikalaren % 80k babestu duela akordioa. Ohar batean, gustura agertu da greben eta mobilizazioen dinamikak "ondorio onak" izan dituelako, sektorearen beharrei erantzuteko gaiak jarri direlako mahai gainean.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila mobilizazio eta greba horien presioagatik mugitu dela adierazi ostean, txalotu egin du sindikatuek bat egin izana langileen eskubideen alde.
Era berean, azaldu du Euskal Eskola Publikoak izan behar duela "ardatza, erdigunea eta iparra", eta horregatik, neurri egokia dela hezkuntza publikoan "beste 800 langile inguru gehiago" egotea. "Zorionak eta eskerrik asko zuen esfortzuagatik eta konpromisoagatik, grebak babestu gabe hau ez litzateke posible izango", gehitu du, mobilizazioetan parte hartu duten langileei erreferentzia eginez.
Zer adostu dute sindikatuek eta Hezkuntza Sailak?
LAB ere pozik agertu da lortutako akordioarekin: "LABek lortu du Jaurlaritzak hasierako proposamenean jarri ez dituen baliabideak adostea euskalduntzerako, aniztasunari eta inklusioari erantzuteko eta hezkidetzarako, eta baita, azken 15 urteotan lehen aldiz, soldatak bertan adostea ere".
"Langileon borrokaren bidez, lortu ditugu hezkuntzaren kalitatea hobetzeko eskatzen genituen baliabideak, lan-baldintzak hobetzea, lan-zamak arintzea, soldataren igoera, ordezkoen udako kobraketa, edoskitzea luzatzea, bitartekotasun-tasa % 5ean kokatzea eta gazteberritzeko neurriak", esan du irakasleen artean bigarrena den sindikatuak.
Interinok Taldeak jakitera eman duenez, 87 artikuluz osatutako testuak "hainbat lorpen garrantzitsu" biltzen ditu, langileen egonkortasuna, ordainsariak eta lan-zama ardatz dituztenak.
EH Bilduk "txalotu" egin du hezkuntzako akordioa, eta "espiritu" hori berreskuratzea eskatu du
"Akordio honek sektore osoaren etorkizuna bermatzeko urrats sendoa suposatzen du, eta langileen duintasuna eta eskubideak lehenesten ditu", nabarmendu du aipatu taldeak.
ELA akordiotik kanpo geratu da, "ez dituelako grebalarien eskaera nagusiak jasotzen".
Bestalde, Hezkuntza Sailak ontzat jo du akordioa, "aurrerapen handia baita euskal eskola publikoarentzat".
Akordioa
Akordioaren arabera, eskola-orduak 21era murriztuko dira Lehen eta Haur Hezkuntzan, eta 17ra Bigarren Hezkuntzan. Ratioei dagokienez, Lehen Hezkuntzan 23 ikasletik 22ra jaitsi da gehienezko kopurua, eta Haur Hezkuntzan adin desberdinetako ikasleak elkartzen diren ikasgeletan (2-3 urtekoak kenduta) 20 ikasletik 19ra.
Gainera, hezkuntza publikoaren sektorean 800 behargin gehiago jarriko dira lanean, eta 60 urtetik gorakoek lanaldia heren bat murrizteko egitasmo bati heltzeko aukera izango dute.
Era berean, 65 urte baino gehiago dituzten beharginek lanaldia erdira murrizteko aukera izango dute. Gainera, ordezko irakasleek udan ere kobratuko dute, betiere urtean 165 egun baino gehiago egin badute lan, eta soldata, oro har, % 7 igoko da: aurten, % 2, eta hurrengo bi ikasturteetan, % 2,5.
"Euskal eskola publikoak benetan behar duena"
"Euskal eskola publikoak benetan behar duena lortu dugu", esan du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Akordioa "euskal eskola publikoa eraldatzeko akordioa da. Hezkuntza-sistema indartzen du, sistemak behar duena da, ikastetxeek eskatu digutena eta akordio honek behar dutena bermatzen die", azaldu du.
"Lortu dugu, oso pozik gaude akordio on bat lortu dugulako", berretsi du Pedrosak.