Ekonomia
Lan-gatazka
Hezkuntza Saila eta sindikatuak berriro bilduko dira gaur, beste bost greba egun deitu berritan
EITB Media
Bilera 15:00etan hastekoa da, baina azken negoziazio mahaiaren hasiera asko atzeratu zen. Lehentxeago, hezkuntzako sindikatuek (Steilas, LAB, ELA eta CCOO) elkarretaratzea egingo dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, 11:30ean.
-
Sindikatuetako ordezkariak, beste bost greba egun erregistratu ondoren. Argazkia: EFE
EAEko Hezkuntza publikoko sindikatuek (Steilas, LAB, ELA eta CCOO) beste bost greba egun erregistratu —maiatzaren 12tik 16ra— eta biharamunean, iragan asteartean, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak negoziazio mahai sektoriala deitu zuen gaurko. Bertan, proposamen berria jarriko die mahai gainean sindikatuei Gasteizeko Gobernuak. "Proposamen berri, bideragarri eta on bat", esan zuen sailburuak. Bilera 15:00etan hastea espero da, baina azken negoziazio mahaiaren hasiera asko atzeratu zen.
Sailburuak aurreratu zuenez, lantzen ari diren proposamenak, besteak beste, Lehen Hezkuntzan "ratioak 22ra jaistea" jasoko du, "ikasleei hobeto erantzuteko", eta baita ere "ikastetxe guztietan irakasle kopurua handitzea", ikasle etorri berrien eta behar bereziak dituztenen premiak egokiago bideratzen laguntzeko.
Soldatei dagokienez, Pedrosak esan zuen, hitzez hitz, "arrazoizko soldata-igoera proposamena" aurkeztuko zaiela sindikatuei, "testuinguru zail eta konplexuetan" lan egiten duten irakasleen jarduna aitortzeko. Hizkuntza proiektuetara zuzendutako baliabideak indartzea ere aurreikusten da.
Pedrosa baikor mintzatu zen asteazkenean. "Inolako zalantzarik gabe" akordioa posible dela uste du, baldin eta "guztion lehentasuna ikasleen arreta hobetzea bada". Halaber, maiatzaren 12tik 16ra egindako greba deialdiaren aurrean, "erantzukizunez" jokatzeko deia egin zien sindikatuei.
Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketan azaldu zuenez, Hezkuntza Saila beti egon da "hitz egiteko eta akordioak lortzeko prest" eta "orain ere horrela izango da". Onartu zuen gatazka "behar baino gehiago" luzatzen ari dela, "konpondu egin behar" dela, eta gaineratu zuen "aste honetan" aldeek negoziazio-esparruan bat egiten saiatu beharko direla.
Sindikatuak, mesfidati eta haserre
Hezkuntzako sindikatuek (Steilas, LAB, ELA eta CCOO) elkarretaratzea egingo dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, 11:30ean, eta manifestazioak deituko dituzte maiatzaren 10erako, larunbaterako.
Irakasleen artean nagusi den Steilas sindikatuaren ustez, "larria" da Jaurlaritza "hedabideekin jolasten" ibiltzea bere proposamenak "saltzeko". Haizea Arbide sindikatuaren bozeramaileak azpimarratu zuen hitzez esandakoa idatziz jasota ikusi nahi dutela. Hala, uste du Pedrosaren adierazpenak "edukiz hustuak eta zehaztapen bakoak" direla.
Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Arbidek salatu zuen bilera "berandu" heldu dela. "Hilabetean ez dugu Sailaren berri izan", erantsi zuen.
Ildo beretik mintzatu zen LAB ere. Ohar bidez, sindikatuak "larritzat" jo zuen balizko proposamen berri baterako edukiak ahoz eta medioen bidez zabaldu izana eta hiru ordu geroago sindikatuei idatzizko proposamenik helarazi gabe jarraitzea. Horren iritzian, jokaera horrek "garrantzia kendu" dio mahaiari eta langile eta sindikatuekiko "errespetu falta" da. Hori horrela, LABek aztertuko du bilera horretan parte hartuko duen.
"Argi dugu negoziaketarako proposamena medioen bitartez egitea, aurrez sindikatuei inolako idatzizko proposamenik helarazi gabe, marketinga dela", gaineratu zuen.
ELAk "kautela handiarekin eta espektatiba gutxirekin" jaso zuen Hezkuntza Sailaren deialdia. Ohar batean, salatu zuen Jaurlaritzak ez diela oraindik idatzizko proposamena helarazi eta nabarmendu zuen, testuak aldarrikapenei erantzun ezean, greba deialdiari eutsiko diola.