Itxi

Ekonomia

HEZKUNTZA

Pedrosa sailburuak uste du akordioa posible dela, "guztion lehentasuna ikasleen arreta hobetzea bada"

AGENTZIAK | EITB Media

Sindikatuek EAEko unibertsitatez besteko hezkuntza publikoan deitutako bost greba egunak direla eta, Hezkuntza sailburuak "erantzukizunez" jokatzeko deia egin du.

  • Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, artxiboko irudi batean

    Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EAEko Hezkuntza publikoko sindikatuak (Steilas, LAB, ELA eta CCOO) ostegunerako beste bilera batera deitu eta biharamunean, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua baikor mintzatu da. "Inolako zalantzarik gabe" akordioa posible dela uste du, baldin eta "guztion lehentasuna ikasleen arreta hobetzea bada". Halaber,  maiatzaren 12tik 16ra egindako greba deialdiaren aurrean, "erantzukizunez" jokatzeko deia egin die sindikatuei.

Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketan azaldu duenez, Hezkuntza Saila beti egon da "hitz egiteko eta akordioak lortzeko prest" eta "orain ere horrela izango da". Onartu du gataztka "behar baino gehiago" luzatzen ari dela, "konpondu egin behar" dela, eta gaineratu du "aste honetan" aldeek negoziazio-esparruan bat egiten saiatu beharko direla.

Sindikatuekin ostegun honetan egingo duen bilerari begira, Hezkuntza Sailak "adostutako guztia" izango du solasbide, Pedrosaren arabera, "neurri eta proposamen asko jarri direlako mahai gainean".

Ildo horretan, Pedrosak nabarmendu du sindikatuak eta Hezkuntza Sailak akordioa lortu zutela "Lehen Hezkuntzako eskola orduak eta burokrazia lanak murrizteko, bitarteko langileen lan-baldintzak hobetzeko eta lizentziak eta baimenak handitzeko.

Pedrosak biharko bilerara eramango duen proposamen berria aurreratu zuen atzo, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Horren arabera, proposamenak jasoko du, besteak beste, Lehen Hezkuntzan "ratioak 22ra jaistea", "ikastetxe guztietan irakasle kopurua handitzea", eta "arrazoizko soldata-igoera" egitea.

Aurten, dagoeneko, bederatzi greba egun egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek, eta, sindikatuek datorren asterako deitutako bost greba egunak gauzatuko balira, 13 izango lirateke, eta hori "onartezina" izango litzateke, Pedrosaren arabera. Hori dela eta, erantzukizunez jokatzeko deia egin du, ikasleei lagundu ahal izateko ikasturtearen amaierara "lasaitasunez eta egonkortasunez" iristen. 

Azkenik, gatazka konpondu eta Hezkuntzako sindikatuekin akordioa lortzea posible dela uste du Pedrosak: "Dagoeneko elementu asko daude mahai gainean eta elementu berriak jarriko dira, eta horrekin sinatu beharko genuke akordioa".

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN