Ekonomia
HEZKUNTZA
Sindikatuek beste bost greba erregistratu dituzte EAEko hezkuntza publikoan, maiatzaren 12tik 16ra
EITB Media
Berriro ere grebara deitu dituzte EAEko hezkuntza publikoko 27.000 irakasleak, Hezkuntza Saila beren aldarrikapenei erantzuten ari ez zaiela iritzita.
-
Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuak, gaur, greba deialdia erregistratu ostean. Argazkia: EFE
Aurreikusi bezala, Hezkuntzako sindikatuek (Steilas, LAB, ELA eta CCOO) beste bost greba egun erregistratu dituzte —maiatzaren 12tik 16ra— Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza publikoko irakasleen kolektiboan.
Sindikatu deitzaileen arabera, Hezkuntza Saila eta Eusko Jaurlaritza ez zaizkie euren aldarrikapenei erantzuten ari eta horregatik deitu dituzte lanuzte gehiago.
Greba-egun gehiago erregistratu ostean, kontzentrazioa egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren atarian. Haizea Arbidek (Steilas) Eusko Jaurlaritzaren eta Hezkuntza Sailaren jarrera salatu du, eta gaineratu apirilaren 9tik ez direla beraiekin harremanetan jarri. Horren esanetan, ez dute gatazka konpontzeko borondaterik eta "itxurakeria besterik ez dute egiten"
Sindikatu horiek grebarekin jarraitzeko asmoa agertu zuten apirilaren 10ean, Hezkuntza Saila euren aldarrikapenei erantzuten ari ez zaiela iritzita.
Lau sindikatuek martxoaren 25ean, 26an eta 27an eta apirilaren 1ean eta 2an grebara deitu zituzten hezkuntza publikoko 27.000 irakasleak, eta bederatzi lanuzte egin dituzte orain arte.
Greben azken ziklo horren ondoren, Hezkuntza Sailak eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko sindikatuek negoziatzeari ekin zioten, baina ez zuten akordiorik lortu. Hori dela eta, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute, bost lanuzte gehiago erregistratuta, maiatzaren 12tik 16ra.
Irakasleen aldarrikapenak
Sindikatuek salatu dutenez, irakasle publikoek 15 urte daramatzate lan-akordioa eguneratu gabe, eta, besteak beste, lan-kargak arintzea, plantillak gaztetzeko, enplegu publikoa sendotzeko eta bermatzeko plan egokia ezartzea eta "erosteko ahalmena berreskuratzea" eskatzen dute.
Horrekin batera, nabarmendu dute lan-osasuna, euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatu behar direla.