20:42

Ekonomia

HERRI EKIMEN LEGEGILEA

120.000 sinadura bildu dituzte pentsiodunek gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatzeko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak maiatzaren 15ean aurkeztuko dio proposamena Eusko Legebiltzarrari, manifestazio batekin.

  • Sinadura bilketa gaur, Bilbon. Argazkia: EuropaPress

    Sinadura bilketa gaur, Bilbon. Argazkia: EuropaPress

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua sinadura bilketa egiten aritu da larunbat honetan hainbat udalerritan, esku artean duten Herri Ekimen Legegilearen aldeko kanpainari amaiera emateko. Ekimen horren helburua gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin berdintzea da. Iragarri dutenez, orain arte bildu dituzten sinadurak (120.000 baino gehiago) maiatzaren 15ean eramango dituzte Eusko Legebiltzarrera, manifestazioa eginez.

"Sinadura Eguna" izena jarri diote gaurko egunari, eta Bilbon, adibidez, txalekoak eta zapi gorriak soinean zeramatzaten hamar bat lagunek, "gutxieneko pentsioa = gutxieneko soldata" izenpean, eskaera babesteko eskatu diete bertatik igaro diren oinezkoei.

Andrea Uña bozeramaileak komunikabideen aurrean nabarmendu duenaren arabera, larunbateko bilketarekin amaiera eman diote sinadurak batzeko kanpainari, eta maiatzaren 15ean sinadura guztiak aurkeztuko dituzte "Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako manifestazio batean".

Horren hitzetan, urtarrilaren 13an sinadurak biltzeko kanpaina abiatu zutenetik, 120.000 pertsonaren babesa lortu dute, eta, beraz, euren ikuspuntutik, "Eusko Jaurlaritzako alderdi politikoek ezin dute ezikusiarena egin", herritarren babesa dutelako sinadura horiekin.

"Lehenik eta behin, onartu, eztabaidatu eta bozkatu egin behar dute, herri ekimen legegile hau onartzen ez bada, haien argudioak entzun nahi ditugulako", azaldu du.

Ildo horretan, proposamena onartzea espero duela esan du Uñak, "legez behar diren 10.000 sinadura baino askoz ere gehiago" bildu dituztelako, eta, hala ez bada, zergatik ez den onartzen azaltzea nahi dutela gaineratu du.

"Alderdi batzuen botoa positiboa izango dela badakigu, baina Eusko Legebiltzarreko politikari guztien aldeko botoa nahi dugu", azpimarratu du Uñak, eta talde guztiekin hitz egiten ari direla gaineratu du. "Batzuek baietz esaten digute, beste batzuek begiratuko dutela, eta beste batzuek hitz egin beharko dutela", esan du, baina denek onartuko dutela uste dute.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
      kargatzen