12:22

Ekonomia

Arrantza

Euskal arrantzaleek ia 3 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte dagoeneko, kuotaren % 36

EITB Media

Aurtengo antxoa handiagoa da, eta hortaz, garestiagoa (2,27 euro/kiloa). Bizkaia eta Kantabria arteko uretan arrantzatu dute gehien, eta hala, itsasontzi askok Kantabrian porturatu dute harrapatutakoa. Ondorioz, Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjatan gutxiago saldu da.

  • Getarian porturatutako antxoak.

    Getarian porturatutako antxoak. Argazkia: Irekia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Antxoaren kosteraren erdia igarota dagoela, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek 29 tona (2,9 milioi kilo) harrapatu dituzte, iaz baino gehiago eta ezarritako kuotaren % 36 inguru. Datuok Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Kostaldearen Garapen sailburuordeak eman ditu gaur, Getariako (Gipuzkoa) Antxua Egunaren harira.

2024ko kanpainarekin alderatuta, nabarmen gutxiago, % 63 gutxiago, porturatu da Bizkaian eta Gipuzkoan. Sailburuordearen esanetan, "harrapaketa gehienak Bizkaia eta Kantabria arteko uretan egin dituzte, eta ondorioz, kanpoko ontzi askok Kantabria aukeratu dute arrantzatutakoa saltzeko, gure lonjen kaltetan". 

Dena dela, salmenta prezioak gora egin du, eta batez beste 2,27 euroan saldu da kiloa —iaz, 1,51 euro/kiloa— . "Aurten harrapatutako antxoa handiagoa da, eta preziatuagoa da kontserba industriarentzat, eta prest dago gehiago ordaintzeko", azaldu du.

Antxoaren kanpaina ekaina amaieran bukatuko da, eta orduan egingo du balorazioa Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak. "Ikusiko dugu zer nolako bilakaera duen espezieak maiatzean zehar", erantsi du Azkuek. 

"Berdelaren kostera, oso txarra"

Antxoaren datuak ez ezik, berdelaren kanpainarenak eman ditu Azkuek, eta ezkorrago mintzatu da. Horren ustez, kostera "oso txarra" izan da. Guztira, 5,7 milioi kilo (5,7 tona) harrapatu dituzte, baina erabilitako metodoaren arabera (arrastre arrantza, inguraketa sareen bidezkoa eta amuarekin egindako arrantza) bilakaera "oso irregularra" izan da.

"Arrastre eta inguraketa arrantzari dagokionez —gehienbat Ondarroako ontziak—, harrapaketa esanguratsuak izan dira, ia kuota agortzeraino; ontzi txikiek amuekin egindakoak, aldiz, apalak, 537.649 kilo (baimendutakoaren % 14 baino ez), 2024an harrapatutako 1,1 milioi kilotik urrun", zehaztu du.

Antxoa ez bezala, berdela Bizkaia eta Gipuzkoako uretan agertu da, eta kanpoko itsasontziek euskal lonjatan saldu dute arraina. Hori horrela, 9,2 milioi kilo porturatu dira, batez beste 2,10 euroan salduta kiloa (2024an, 1,34 euroa egon zen kiloa). 

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
      kargatzen