05:00

Ekonomia

Maiatzaren Lehena

ELAk eta LABek "soldatak hemen erabakitzea" eskatuko dute gaur, eta CCOOk eta UGTk "eskubideak babestea"

Agentziak | EITB Media

Sindikatuek Euskal Herriko kaleak aldarrikapenez beteko dituzte Maiatzaren Lehenean, ELAren eta LABen kasuan, deialdi bereizietan; CCOO eta UGT, aldiz, batera mobilizatuko dira.

  • Maiatzaren Leheneko mobilizazioak, iaz. Irudia: EITB

    Maiatzaren Leheneko mobilizazioak, iaz. Irudia: EITB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sindikatuek Euskal Herriko kaleak aldarrikapenez beteko dituzte Maiatzaren Lehenean. ELAk eta LABek "soldatak hemen erabakitzea" eskatuko dute deialdi bereizietan. CCOO eta UGT, ostera, elkarrekin mobilizatuko dira, eta "lortutako eskubideak babesteko eta aurrerabidea, berdintasuna eta demokrazia soziala lortzeko" beharra azpimarratuko dute.

Hain zuzen ere, ELAk 'Gutxieneko Soldata hemen erabaki' lelopean ospatuko du aurten Langileen Eguna, ekitaldi nagusia 11:30ean eginda, Jesusen Bihotza plazan, Bilbon, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren hitzaldiarekin.

Horren ondoren, sindikatuak (duela urte batzuetatik Maiatzaren Lehena bakarka ospatzen du, LABekin batera deialdirik egin gabe) bere manifestazioa abiatu du, Plaza Biribilean amaitzeko.

Abandoko metro geltokiaren parean, ELAk mahai bat jarri du, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) propio baten aldeko sinadurak biltzeko. Maiatzaren Lehenean sindikatuaren aldarrikapen nagusietako bat da.

LABek ere Bilbon egin ditu ekitaldi nagusiak, eta bertan mobilizatu da, 'Patronala, esplotatzailea! Langileen alde, hemen gutxieneko soldatak eta pentsioak erabaki' lelopean.

Bizkaiko hiriburuko manifestazioa 12:30ean hasi da, Zabalburu plazan, eta udaletxeko zubian amaitu da, Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile nagusiaren hitzaldiarekin.

Bilboko ekitaldi horretaz gain, LABek beste zazpi mobilizazio deitu ditu Gasteizen, Donostian, Iruñean, Baionan, Tuteran eta Maulen. Mobilizazio horiekin, sindikatuak "gutxieneko soldatak eta pentsioak hemen erabaki ahal izatea" aldarrikatu nahi du.

CCCO eta UGT

Bestalde, CCOO eta UGT elkarrekin mobilizatu dira maiatzaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuetan, 'Konkistatutakoa babestu, etorkizuna irabazi' lelopean.

Mobilizazio nagusiak Bilbon izan dira, 11:30ean, Kale Nagusitik, eta, CCOOren kasuan, Loli Garcia idazkari nagusia izan da bertan. Sindikatuaren buru gisa azkena izango du Langileen Eguna, maiatzaren 15ean eta 16an Kongresua egingo baitute, eta Santi Martinez sindikatu hori zuzentzeko adostasunezko hautagai gisa aurkeztuko da.

UGT Euskadiren aldetik, Tximi Lopezek, sindikatua kudeatzen ari den Batzorde Kudeatzaileko presidenteordeak, Bilboko mitinean parte hartzea eta hedabideei adierazpenak egitea aurreikusita dago. Izan ere, sindikatu horren Kongresua bertan behera geratu zen, eta Raul Arzari lekukoa hartu behar zitzaion, baina ez zen adostasunezko hautagaitzarik adostu. Federazio batek bere ordezkarien izendapena eraman zuen biltzarrera, eta beste batek Kongresua atzeratzea eskatu zuen, deitutako erakunde guztien "parte-hartze demokratikoa" bermatu arte.

Bilboko mobilizazioez gain, bi sindikatuek manifestazioak egin dituzte Donostian 12:00etatik aurrera, Alderdi Ederreko lorategietatik, eta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik ordu berean.

Bestalde, LSB-USO bezalako beste sindikatu batzuk ere mobilizatu dira Bilbon, 11:00etatik aurrera, Kale Nagusiko 65. zenbakian, 'Enplegu Gehiago, soldata duinak, Bizitza Hobea' aldarrikatzeko.

Bridgestone

Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan, Bridgestoneko beharginek ere parte hartuko dute. Basauritik Bilbora martxa bat egin dute, Bizkaiko lantegi horretako 335 langileri eragiten dien lan-erregulazioko espedientearen aurka.

Era berean, EHKSk manifestazioa egin du Bilboko Jesusen Bihotza plazatik, 13:00etatik aurrera.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen