08:29

Ekonomia

BANKETXEAK

Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak Sabadell erosteko baimena eman dio BBVAri

Agentziak | EITB Media

Erabakiak atea irekitzen dio Espainiako Gobernuari operazio horri buruzko iritzia emateko eta hura gauzatzeko baldintzak gogortzeko. Hala ere, ez dago horren aurrekaririk, Moncloak ez baititu sekula bat-egite bat gauzatzeko baldintzak gogortu.

  • Sabadellen egoitza, Bartzelonan. Argazkia: EFE

    Sabadellen egoitza, Bartzelonan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak onartu egin du BBVAk Sabadell bankua erosteko operazioa, baina baldintzak jarri ditu. Erabakiak atea ireki dio Espainiako Gobernuari operazio horri buruzko iritzia emateko eta hura gauzatzeko baldintzak gogortzeko.

19:30ean amaitu den bilera luze baten ostean, Lehia Aretoak, bost kidek osatutakoak, tartean Cani Fernandez erakundeko presidenteak, aho batez onartu du txostena, boto partikularrik gabe, prozesutik gertu dauden iturriek jakitera eman dutenez.

Erakundeak operazioa konpromiso edo baldintza batzuk betetzearekin lotu duenez, ebazpena ez da irmoa, harik eta Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak gaia Ministroen Kontseilura eraman arte.

Gobernua hasiera-hasieratik operazioaren aurka azaldu denez, ziurtzat jotzen da Cuerpok gaia Ministroen Kontseilura eramatea erabakiko duela arauak jasotzen duen 15 eguneko epean, nahiz eta BBVAk espero duen Merkatu eta Lehia Batzordearen baldintzak nahikoa izango direla Exekutiboaren zalantzak uxatzeko.

2007ko Lehiaren Defentsari buruzko Legeak argi uzten du baldintza horiek behar bezala arrazoitu beharko direla bestelako interes orokorreko arrazoiengatik, hala nola segurtasun nazionalagatik, ingurumenaren babesagatik edo berrikuntzaren sustapenagatik, adibidez.

Ez dago aurrekaririk, Espainiako Gobernuak ez baititu sekula gogortu bat-egite bat gauzatzeko baldintzak.

"Erakunde sendoagoa", BBVAren arabera

"Erakunde sendoagoa" eta "enpresak zein familiak finantzatzeko ahalmen handiagoa" duena eratuko da operazio honekin, Carlos Torres Vila BBVAko presidentearen arabera, horretarako urtean 5.000 milioi euro gehiago izatea aurreikusten baitute.

Horren esanetan, bere erakundeak Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordearekin hartutako "konpromisoek" mesede egingo diete "lurralde kohesioari", "finantza-inklusioari" eta "autonomoentzako eta enpresa txikientzako maileguei". Konpetentzia "babesteko" balioko duela ere erantsi du, bereziki "presentzia handiago izango dugun lurraldeetan, Katalunian kasu".

Sabadell, kritiko metodologiarekin

Sabadell Bankuak, bere aldetik, Lehiarako Batzordeak eskaintza publikoari oniritzia emateko erabili duen "metodologia" kritikatu du. Finantza erakunde horren ustez, erabili den "metodologia ez da egokia", enpresa txikiei bideratutako bankuen arteko fusioak aztertzeko. Bat-egiteak bezeroengan izango duen eragina ez dela behar bezala aztertu salatu du Sabadellek, zabaldutako ohar batean.

Nolanahi ere, Cesar Gonzalez-Buenok zuzentzen duen erakundeak gogoratu du akziodunen esku dagoela azken erabakia, eta behin horretarako epea zabaltzen denean, BBVAk "operazioari buruzko informazio guztia, oraindik publikatu ez dena", Sabadellen akziodunen esku jartzeko eskatu du.

Illak "Kataluniaren interesak" defendatuko ditu

Salvador Illa Generalitateko presidentea ere mintzatu da gaiari buruz, X sare sozialean argitaratutako mezu batean. Bertan esan duenez, Generalitateak "Kataluniaren interesak defendatuko ditu, gauza guztien gainetik", eta informazio guztia "zorrotz" aztertu eta "zuhur" jokatuko dutela hitz eman du.

"Herrian eta industria sarean errotutako eta gizartearekin konpromisoa duen banku eredua du Kataluniak", gehitu du.

Ia urtebeteko operazioa

BBVAk duela ia urtebete jarri zuen abian Sabadellen akzioak erosteko eskaintza publiko oldarkorra, Kataluniako erakundea bere taldean sartzeko eta hiru urtean 850 milioiko aurrezkiak lortzeko asmoz. Cesar Gonzalez-Bueno Sabadell Bankuko kontseilari delegatuak uste du ezinezkoa dela hori lortzea bi konpainiek bat egin ezean.

Espainiako Gobernua BBVAk eta Sabadellek bat egitearen aurka agertu da hasiera-hasieratik, baina zalantza da zer egingo duen orain, operazioak Merkatu eta Lehia Batzordearen oniritzia aho batez jaso ondoren. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala erabaki horren zain zegoen.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen