Ekonomia
Gerra komertziala
Agentziak | EITB
Kristalina Georgieva zuzendariak aurreratu duenez, asteartean argitaratuko den Perspektiben Txostenak "beheranzko berrikuspen nabarmenak jasoko ditu, baina ez atzeraldirik". Era berean, "herrialde batzuetarako" inflazio-aurreikuspenetan goranzko berrikuspenak erregistratuko dira, bere hitzetan.
Kristalina Georgieva, ostegun honetan.
Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendariak aurreratu duenez, AEBk hasitako muga-zergen igoerak ez du atzeraldi ekonomikorik ekarriko, baina barne-produktu gordinaren (BPG) hazkunde-aurreikuspenek beherantz egingo dute.
Datorren astean kaleratuko du NDFk 'Munduko Ikuspegi Ekonomikoa' (WEO, ingelesezko siglak), bi urtez behin argitaratzen duen txostena. Ohikoa denez, txostenean proiekzio ekonomikoak sartuko dituzte, bai mundu mailakoak, bai eta herrialdekakoak ere.
Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren Udaberriko Bilerei hasiera emateko hitzaldian, Georgievak aurreratu du proiekzio berriek "beheranzko berrikuspen nabarmenak" izango dituztela, "baina ez atzeraldia". Era berean, azaldu duenez "herrialde batzuetarako" inflazio-aurreikuspenetan goranzko berrikuspenak izango dira.
AEBk azken asteetan muga-zergen inguruan egindako igoera, eten eta salbuespenen ondorioz, AEBren muga-zerga efektiboa "azken belaunaldietan ikusi ez den mailetara igo" dela azaldu du Gerogievak.
"Ekonomia aurreratu txikiak eta gorabidean dauden merkatu gehienak merkataritzan oinarritzen dira batez ere hazteko, eta arrisku handiagoa dute, finantza-baldintza gogorragoak pairatzeko, besteak beste. Diru-sarrera txikiko herrialdeek aurre egin behar diote, halaber, laguntza fluxuen blokeoari, herrialde emaileek nork bere herrialdeko kezak lehenesten baitituzte", ohartarazi du zuzendari kudeatzaileak.
Nolanahi ere, Nazioarteko Diru Funtseko arduradunak gogorarazi du muga-zergak ez dituztela bazkide komertzialek bakarrik ordaintzen, eta eragina duela inportatzaileengan, mozkinak jaisten dizkietelako, eta kontsumitzaileengan, prezioak igotzen zaizkielako.
Protekzionismoak produktibitatea higatzen du luzera, batez ere, ekonomia txikienetan. Industriak konpetentziatik babestu nahi izateak baliabideak modu eraginkorrean ordaintzeko pizgarriak murrizten ditu. Era berean, protekzionismoak berrikuntza kaltetzen duela ohartarazi du, baina herrialde-barneko merkatua handia eta lehia handikoa bada, ondorio negatiboak arindu daitezkeela adierazi du.
Eskualde bakoitzak egin beharrekoaren inguruan, Georgievak nabarmendu duenez, Europar Batasunean eztabaidatzen ari den hedapen fiskalak, Alemania buru dela, barne-eskaria igoko du.
"Europak Banku Batasuna behar du. Europak Kapital Merkatuen Batasuna behar du. Eta Europak murrizketa gutxiago behar ditu zerbitzuen barne-merkataritzarako (...). Oro har, integrazio fiskalak eta integrazio handiagoak hazkundea bultzatuko dute, erresilientzia areagotuko dute eta kanpoko eta barruko desorekak hobetuko dituzte", azpimarratu du bulgariarrak.
AEBri dagokienez, haren merkataritza-politikari buruzko gomendioak egitea saihestu du, eta zor publikoa eta aurrekontu-defizita murriztea baino ez du eskatu.
Nolanahi ere, munduko merkataritzan herrialde nagusien artean akordio batera iristeko eskatu du, "irekiera zaintzeko eta joko-arau parekatuak lortzeko", muga-zergen beheranzko joerara itzultzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa