Ekonomia
Gabonetako ordainsaria
Erredakzioa
Jaurlaritzaren erabakiaren kontra, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Rajoyren Gobernuari.
Argazkia: EITB
Albisteak (3)
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eskari zuzena egin dio Rajoyren Gobernuari, Patxi Lopezek Jaurlaritzako funtzionario publikoei Gabonetako ordainsaria emateko hartu duen erabakiari aurre egin diezaion. Hala, Auzitegi Nazionalaren aurrean erabaki horren aurkako helegitea jartzea eskatu dio.
Urquijok ohar bidez jakinarazi duenez, jarduneko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak “Espainiako Oinarrizko Legedia urratzen du”, eta Administrazio Publikoko Estatu idazkariari auzi horren inguruko idatzi bat bidali diola gaineratu du.
Espainiako Gobernuak aurrekontuen egonkortasuna bermatu eta lehiakortasuna sustatzeko uztailaren 13an onartu zuen lege dekretuko bigarren artikulua ''argia eta zehatza'' bada ere, Eusko Jaurlaritzak funtzionarioei Gabonetako ordainsaria ematea erabaki duela gaineratu du Urquijok.
Eusko Jaurlaritzak erabakiaren legezkotasuna babestu du
Idoia Mendia jarduneko Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Jaurlaritzak modu bakarra zuen ordainsariaren ordainketa bertan behera uzten zuen dekretua abian jartzeko: Euskadin indarrean dagoen Aurrekontuen Legea aldatzea.
Uztailean, baina, ez zen jardunik egon Legebiltzarrean (orduan onartu zuten dekretua), eta, ondoren, Legebiltzarra desegin zuten. ''Legebiltzarrean Aurrekontuen Legea moldatu gabe ordainsaria ez ordaintzea erabaki izan bagenu, Zuzenbidearekin bat ez datorren erabaki bat hartuko genukeen'', azaldu du.
''Legez kanpokoa da''
Antonio Beteta Administrazio Publikoen estatu-idazkariaren hitzetan, Jaurlaritzak Gabonetako ordainsaria ordaintzeko hartutako erabakia ''legez kanpokoa da'', eta, beraz, Auzitegi Konstituzionalean horren kontrako helegitea jarriko dute.
Gobernuaren dekretua ''estatu osoari eragiten dion oinarrizko araua da'', horren arabera. ''17 erkidegoei, udal guztiei eta estatuko administrazio orokorrari eragiten die, eta aurten Gabonetako ordainsaririk ez
egotea derrigorrezkoa egiten du. Beraz, Jaurlaritzak egin nahi duen ordainketa legez kanpokoa da''.
7 eta 10 urte arteko zigorra
Halaber, Betetak esan du ordaintzeko erabakia hartzen duen funtzionarioari ''erantzukizunak'' eskatuko dizkiotela, Kode Penalaren 404 artikulua oinarri hartuta. Horrek ''edozein kargutan aritzeko 7 eta 10 urte arteko zigor berezia'' dakar berarekin, horren hitzetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa