Ekonomia
salaketa
EITB MEDIA
Bere aldetik, Enplegu Sailak azaldu du auzian nahasitako irakaslea kanpoko enpresa bateko langilea dela, eta zereginetatik kendu dutela gertatutakoa argitu arte.
Osalanen egoitza, Barakaldon (Bizkaia). Irudia: Google Maps
LABek salatu du Osalanen ikastaroetan "jarrera matxistak, arrazistak eta antisindikalak" izan direla erakundeak azpikontratatutako enpresa batek emandako prestakuntza-saioetan. Gainera, sindikatuak gaitzetsi du horren aurrean Osalan (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) "gertatutakoa ezkutatzen" saiatu dela "gaia argitu eta erantzukizunak eskatu beharrean". Bere aldetik, Enplegu Sailak ukatu egin ditu akusazioak.
Hala eman du aditzera astearte honetan LABek, ohar bidez. Gertakariak azaroaren 19an izan ziren, Basauriko IFAP zentroan (Bizkaia). LABen bi delegatu Osalanek ematen dituen prestakuntza saio batean zirela, irakasleak aipu "matxistak, xenofoboak eta antisindikalak" bota zituen "bata bestearen atzetik".
Egoera horren aurrean, haietako batek alde egin zuen, eta, besteak, "amaierara arte eutsi zion", eta, bukatu bezain pronto, biak sindikatuaren arduradunekin harremanetan jarri ziren, jazotakoaren berri emateko. Hala, sindikatuak Osalani eskatu zion gertatutakoa ikertzeko, eta abenduaren erdialdean eraman zuen gaia erakundearen formakuntza-batzordera.
Osalanek adierazi zuenez, formakuntzaz arduratu zen enpresa azpikontratatuak bidalitako inkestetan delegatuek "ez zuten kexarik helarazi", eta, hortaz, emaitzak ontzat eman zituen erakundeak. LABen delegatuen iritziz, baina, inkestan jasotakoa "ez zetorren bat" eurek bizitakoarekin. Are gehiago, "galdetegirik ez zela" pasa ondorioztatu zuten, sindikatuak egindako hainbat ikerketen ondotik.
Orain gutxi, kurtsoa egin eta 3 hilabetera, Osalani eskatu zaio ordezkari sindikalek, besteak beste, inkestak bete ditzaten. Horren aurrean, LABek salatu du "Osalanek ordezkari sindikalen hitza aintzat hartu ez izana, eta enpresa pribatu batek egindako dokumentu faltsuei sinesgarritasun handiagoa eman izana".
Testuinguru horretan, "zerbitzua publifikatzea" eskatu du LABek, "Nafarroan egiten den moduan", eta salatu du Jaurlaritzak "lan osasuna kudeatzeko duen modua". Sindikatuak uste du gertatutakoak "erantzukizun politikoak" dituela.
Enplegu Sailak ukatu egin ditu akusazioak
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak ukatu egin du Osalanek gertatutakoa "ezkutatu" nahi izatea, eta azaldu du sindikatuen salaketa jaso eta gero ikerketa abiatu zutela, erantzukizunak zehazteko.
Iturri horien arabera, auzian nahasitako irakaslea kanpo enpresa bateko langilea da, eta zereginetatik kendu egin dute, gertatutakoa argitzeko.
Era berean, Enplegu Sailetik nabarmendu dute sindikatuei ikerketaren nondik norakoen berri eman dietela, eta, horrenbestez, harridura agertu dute LABek "hiru hilabeteren ostean" egindako salaketa publikoarekin. Horren ildotik, salaketa publiko horrek "helburu politikoak" dituela salatu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa