Ekonomia
Lan-erregulazioko espedientea
EITB Media
Basaurikoei Usansoloko beharginak ere batuko zaizkie gaurko lanuztera. Jarraipena "erabatekoa" izan da bi lantegietan. Bestalde, zuzendaritza eta sindikatuak kaleratzeen baldintzak negoziatzen hasiko dira.
Batzordeko presidenteak adierazi duenez, jarraipena "erabatekoa" izan da, eta ekoizpena "geldirik" dago Basauriko lantegian. Roberto Corral pozik agertu da langileen erantzunarekin, "kezkatuta" daudelako eta "elkarrekin jarraitzeko" borondatea dutelako. Hurrengo greba apirilaren 15ean izango da.
Adierazi duenez, goizeko bostetatik pikete informatiboak izan dira, eta goizeko zazpietatik goizeko hamar eta erdiak arte egon dira lantegiko sarreran bilduta. Ordu horretan, enplegu-erregulazioko espedientea negoziatzeko mahaiaren bilera zegoen aurreikusita.
Bestalde, Corralek gaineratu du jarraipena "erabatekoa" izan dela Usansoloko Bridgestone lantegian; Basauriko lankideei babesa eman nahi izan diete horrela.
Bestalde, ostegun honetan euskal erakundeek enpresarekin izandako bileraren aurrean, "nolabaiteko etsipena" agertu du, bilera ez zelako Europako zuzendariekin izan, "bertan hartzen baitira erabakiak", eta bilera horren inguruan Eusko Jaurlaritzak eman diezaieketenaren zain daudela adierazi du.
Basauriko Bridgestone lantegiko beharginek bigarren greba eguna dute gaur, ostiralarekin, konpainiak 335 kaleratze, langileen % 40, egin asmo dituela eta. Gaur, gainera, Usansoloko faktoriako lankideak batuko zaizkie mobilizaziora. Guztira, lan-erregulazioko espedientearen kontrako hiru greba egun deitu ditu langile batzordeak, hilaren 8, 11 eta 15erako; asteartean egin zuten aurrenekoa, eta erabateko jarraipena izan zuen.
Konpainiak helarazitako azken proposamena bertan behera uzteko eskatuko du langile batzordeak. Horren arabera, 55 urtez azpiko langileak kaleratuko lituzkete, nagusienak faktorian mantenduta. Sindikatuek uste dute zuzendaritzak "zatiketa" bilatzen duela, eta salatu dute proposamen hori onartuz gero enpresak ez lukeela etorkizunik.
Enpresak 335 kaleratze iragarri zituen apirilaren 1ean, 2023tik indarrean egon den aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea bukatu eta biharamunean. Argudiatu zuenez, "ekoizpen egitura moldatu" behar du, "gurpilen Europako merkatuan izaten ari diren gorabeherak direla eta".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa