Ekonomia
Guardian
Guardianeko langileek ez dute borrokarekin jarraituko eta kalera joango dira, indemnizazioak hartuta
Olatz Prat | EITB Media
Langileek eskatuta, bozketa egin zuten larunbatean eta gehienek, bi botoko aldearekin, enpresaren azken eskaintza onartzearen alde egin dute. Astelehenean bertan hasiko dira kaleratzeak.
-
Martxoan itxieraren kontra gasteizen egindako mobilizazioa. EITB
Bukatu egin da borroka Guardianen, hilabete luzez beira-lantegia ez ixteko eta lanpostuei eusteko ahaleginak eman du eman beharrekoa.
Langileek hala eskatuta, enpresak egindako azken eskaintza bozketara eramatea adostu zuten, eta langile gehienek enpresaren kaleratze baldintzak onartu dituzte. 67 langilek eman diote baiezkoa, eta 65ek, ezezkoa. Hala ere, buelagoetako langile eta erdi-mailako arduradun gehienek ere enpresaren baldintzen alde egin dute, (30 alde, 3 kontra) eta, horrekin, erabaki egin da.
Aitor Peral LABen ordezkari eta langileen batzordearen presidenteak eitb.eus-i esan dionaren arabera, "merke" atera zaio enpresari langileak kaleratzea.
171 langileak kalean geldituko dira. Enpresak 45 egun ordainduko dizkie lanurte bakoitzeko, (33 urte, gehienez ere). Hala ere, 720 egun inguru kobratuko dituzte, (34 hilabeteri dagozkien soldatak) eta, beraz, 21-22 urte baino gehiago lan egin dutenek "dirua galduko dute", Peralen hitzetan, urte-langa hori baino aise gehiago metatu dutelako, eta ez dute hortik gorakoa kobratuko.
Lanpostuak salbatzea lortu ez den arren, onartutako baldintzak indarrean dagoen hitzarmen kolektiboan jasotakoak baino hobeak dira; izan ere, hitzarmen kolektibo horren arabera 33 egun ordainduko zizkieten lan egindako urte bakoitzeko, gehienez ere 24 hileroko arte.
Batzordearen asmoa zen behin kontsulta-epea amaituta epe judizialarekin hastea. Peralek argitu duenez, kontsulta epea akordiorik gabe amaituko zen, "enpresaren argudioak ez zitzaizkigulako onargarriak iruditzen, ez zegoelako LEEa justifikatzeko arrazorik" eta, beraz, ezta langileak kaleratzeko ere.
Bada, epe judizial horretara pasatzeko aukerarik ez da egongo. Bukatu egin da borroka. Guardian Glass itxi egingo da azkenean.
Asteartean bilduko da langileen batzordea enpresarekin, akordioa sinatzeko. Sindikatuak epaitegira ez joateko konpromisoa hartuko dute, eta, enpresak, indemnizazioak onartutako baldintzetan ordaintzekoa.
Kaleratzeak astelehenean bertan hasiko dira, egunero langile kopuru bat kaleratzen joango dira da ostiralera bitartean. Ondoren, bi astez, gutxi gorabehera, 14 langile geldituko dira, lantegian gelditzen den beira ateratzeko. Apirilaren 30erako denak izango dira kalean.