Itxi

Ekonomia

Burtsa

Europako burtsek eta Wall Streetek berriro egin dute behera, nabarmen, gerra komertziala gogortu ostean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Espainiako burtsek bost urteko beherakadarik handiena izan dute, % 5,83 egin baitu behera. Milan % 6,53 jaitsi da, Londres eta Frankfurt % 4,95, eta Paris % 4,26. Era berean, Asia hego-ekialdeko indize nagusiek ere % 1 eta % 3 bitarteko galerekin itxi dute eguna.

  • Nasdaq egoitza, New Yorkeko Times Squaren. Argazkia: EFE

    Nasdaq egoitza, New Yorkeko Times Squaren. Argazkia: EFE

Espainiako burtsek % 5,83 galdu dute gaur, 2020ko martxotik izandako beherakadarik handiena, eta 12.500 puntutik behera amaitu du saioa, AEBk abiatutako gerra komertzialaren eta bankuen zein nazioarteko merkatuen beherakadaren beldur.

Espainiako merkatuaren erreferentziazko indizean (IBEX 35) balore guztiek behera egin dutenez, 769,2 puntu galdu ditu (% 5,83), 12.422 punturaino jaitsi baita, duela bi hilabetetik harrapatu ez duen maila. 2022ko martxotik izandako asterik txarrenean, % 6,67 jaitsi da, nahiz eta urtean oraindik % 7,13ko igoera metatu duen.

Atzokoan, baina, Madrilgo burtsa izan zen muga-zergen inpaktua hobekien saihestu zuena, % 1,2 egin baitzuen behera; Europako indizeek, berriz, % 3tik gora.

Europan, euroa 1,0971 dolarrean dagoela eta batez beste % 0,74ko galera izanda, Milan % 6,53 jaitsi da gaur, Londres eta Frankfurt % 4,95, eta Paris % 4,26.

Beherakadak Wall Streeten, bigarren egunez jarraian

Ameriketako Estatu Batuetako burtsetako indize nagusiek ere beherakada handiekin hasi dute gaurko saioa, osteguneko saioan izandako porrotari jarraipena emanez.

Horrela, Dow Jones indizeak % 1,10 egin du behera ostiraleko saioaren hasieran. Are gehiago, saioa hasi eta berehala, 40.000 puntuen langa galdu du, eta % 3tik gorako beherakada izan du.

Bestalde, Nasdaq teknologikoak ia % 6ko galera jasan zuen ostegunean, eta % 3ko jaitsierarekin hasi du ostiraleko saioa. Ondoren, ia % 4 galdu du.

Azkenean, Wall Streeteko adierazle nagusiak ia % 6 jaitsi dira saioaren itxieran. S&P 500 indizeak % 5,97 egin du behera, eta Nasdaqek % 5,82 eta Dow Jonesek % 5,5.

Galerak, Asia hego-ekialdeko indize nagusietan

Asia hego-ekialdeko indize nagusiek % 1 eta % 3 bitarteko galerekin itxi dute eguna. Zehazki, Tokiok % 2,75 egin du behera, eta Seulek % 0,86. Txinako burtsak, berriz, gaur ez dituzte ireki, jaieguna baita.