20:47

Ekonomia

Bilera Ajuria Enean

EAEn gutxieneko soldata negoziatzeko eta adosteko Confebask presionatzea eskatu diote ELAk eta LABek Pradalesi

Agentziak | EITB Media

Lakuntzak adierazi du bileran ez dutela entzun gustatuko litzaiekeena, eta esan du ez dutela lehendakariaren jarrera ontzat emango. Ildo beretik, Aranbururen hitzetan, batzarretik "borrokan jarraitzeko ideiarekin" atera dira.

  • Bilera Ajuria Enean. Argazkia: EFE

    Bilera Ajuria Enean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABen koordinatzaile nagusia Imanol Pradales lehendakariarekin bildu dira gaur. Euska Autonomia Erkidegoko (EAE) lanbidearteko gutxieneko soldata (LGS) negoziatzeko eta adosteko patronala presionatzea eskatu diote sindikatuetako bi buruzagiek lehendakariari.

Batzarra Ajuria Enea jauregian egin dute. Pradalesek Confebask patronala hartu zuen asteartean, eta ostegunean CCOOrekin bilduko da.

Duela hilabete bat lehendakariak patronalari eta sindikatuei mahai inguruan esertzea eta akordioetara iristea eskatu zien, gutxieneko soldata, absentismoa edo lan osasungintzari buruzko gaietan.

Bilera amaitu ondoren, ELAko eta LABeko buruzagiek gogorarazi dutenez, Confebaskek gutxieneko soldata adosteari uko egin ondoren, sindikatuek Pradales lehendakariari batzarra eskatu zioten gaiaz eztabaidatzeko.

ELAko eta LABeko buruzagiek 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko proposamena planteatu diote lehendakariari. Neurriak 140.000 bat langileri mesede egingo diela uste dute sindikatu abertzaleek, batez ere ostalaritza, telemarketing eta adinekoen egoitzetako emakumezko beharginei.

Lakuntzaren esanetan, "1.184 euroko Espainiako gutxieneko soldatarekin Euskadin ezinezkoa da bizi-baldintza duinak izatea", eta patronalak ez negoziatzeko jarritako aitzakiek "ez dute batere funtsik. Benetako arrazoia negozio egiteko patronalaren estrategia da, eta soldata txikiekin hori egiten jarraitzea".

Horregatik, lehendakariari "inplikazio handiagoa" eskatu diote, "Confebask eserarazteko, eta ez bakarrik esertzeko, gutxieneko soldata adosteko baizik".

Gai hori dela eta distantziak mantentzeko aukerarik ez dagoela esan diote Pradalesi: "Alde egon ala ez, elkarrizketa eskatzea ez da nahikoa".

Batzarra Ajuria Enea jauregian. Argazkia: EFE

Batzarra, Ajuria Enea jauregian. Argazkia: EFE

Herri-ekimen legegilea

Gainera, sindikatuek gutxieneko soldata herri-ekimen legegile baten bidez planteatuko dute, horretarako sinadurak biltzen ari dira, eta, ondoren, Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dute. Halaber, lehendakariari "bustitzeko" eskatu diote, eta ekimena aurkezten denean horren aldeko botoa emateko.

Garbiñe Aranbururen diskurtsoa antzekoa izan da, eta Pradalesi herri-ekimen legegilea babesteko eta negoziazioa modu proaktiboan bultzatzeko eskatu dio.

Absentismoa

Absentismoa negoziatzeko patronalak egindako eskaera ere aipatu du Aranburuk. LABeko buruzagiaren hitzetan, "ez da egokia gutxieneko soldataren eztabaida absentismoarekin lotzea. Eskubide batzuetan aurrera egiteko ez da besteetan atzera egin behar".

Aranbururen arabera, Euskadin ez dago absentismo arazoa, "Confebask puzten ari da eskubideak murrizten jarraitzea justifikatzeko".

Lehendakariak esandakoa dela eta, Lakuntzak onartu du ez dutela entzun nahiko luketena, eta berretsi du "ekidistantziaz" ari eta ez dutela ontzat emango.

Ildo beretik, Aranburuk esan du "borrokan jarraitzeko ideiarekin" atera direla batzarretik, eta Eusko Jaurlaritzari ausardia handiagoa eskatu dio.

 

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen