Ekonomia
TALGO
AGENTZIAK | EITB Media
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuaren arabera, behin 116 milioi euroko isunaren nondik norakoak ezagututa, hurrengo pausoa bankuekin negoziatzea izango da.
Talgok Rivabellosan (Araba) duen lantegia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Euskal partzuergoak Talgoren zati bat erosteko prozesua ez da gauzatu oraindik, baina Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak onartu du Renfek Talgori ezarri dion 116 milioiko isunaren nondik norakoak argitu direla eta "beharrezko" pausoa dela erosketa burutzeko bidean.
Jauregi sailburuak Basque Circular Summit jardunaldiaren irekiera ekitaldian parte hartu du, Bilbon, eta horren ostean kazetarien aurrean hitz egin du. Talgori jarritako isuna atzeratzeko euskal partzuergoak Renferekin lorturiko balizko akordioaz galdetuta, "pauso positiboak" eman direla aitortu du.
"Lanean ari gara, pixkanaka-pixkanaka, baina pauso positiboak ematen ari gara", nabarmendu du. Azaldu duenez, isunaren nondik norakoak argitzea ezinbestekoa da erosketa aurrera eramateko. "116 milioi euro diru asko da", gehitu du.
Trilantic funtsak Talgon duen parte-hartzea (% 29,77) erosteko aurreakordioa lortua du Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidentea buru duen euskal partzuergoak, baina erosketa ez da oraindik gauzatu. Akordioaren arabera, akzioko 4,15 euro ordainduko dituzte, eta horri 0,85 zentimoko aldagarria gehitu beharko zaio, hainbat baldintza betzekotan.
Behin 116 milioi euroko isunaren baldintzak ezagututa, hurrengo pausoa Talgok bankuekin duen zorra berriro negoziatzea izango dela adierazi du Jauregi sailburuak. Bidea luzea izango dela aurreratu du, baina, azpimarratu du, arian-arian, aurrera egiten ari direla.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa