Ekonomia
Greba EAE-ko Hezkuntzan
EITB Media
Lanuzteetan izandako jarraipen zabala nabarmendu dute sindikatuek (% 75), eta "eduki nahikoa" duen proposamena egiteko eskatu diote Jaurlaritzari. "Deirik ez balego, jarraipena emango genioke greben dinamikari", ohartarazi dute. Begoña Pedrosaren hitzetan, "eskua luzatuta" du Hezkuntzak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari negoziazioei berriro heltzeko deia egin diote Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek, behin grebak amaituta. Euren hitzetan, beharrezkoa da "benetako negoziazio bat" egotea. "Hala ez balitz, jarraipena emango genioke greben dinamikari", ohartarazi dute.
EAEko hezkuntza publiko ez unibertsitarioko 27.000 langile zeuden grebara deituta gaur, asteazkenarekin, urtea hasi zenetik egin duten bederatzigarren lanuztean —lau greba egin zituzten urtarrilean eta otsailean, eta bost, martxo-apirilean—.
Mobilizazioen bidez, besteak beste, lan-kargak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortzeko eta bermatzeko, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurriak hartu behar direla aldarrikatu nahi izan dute.
Lau sindikatu deitzaileek greben jarraipen zabala nabarmendu dute (% 75ekoa, euren datuen arabera), eta horiek bukatuta, adierazi dute "zain" daudela Hezkuntza Sailak negoziatzera noiz deitu. Izan ere, Begoña Pedrosak zuzentzen duen Sailak jakinarazi zuen mobilizazioak amaitu arte itxarongo zuela negoziazio-mahaia deitzeko.
Milaka langile Gasteizen bildu dira gaur, Europa Jauregitik abiatu eta Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren parean bukatu duten manifestazioan. Hain justu, egoitza horren aurrean kanpatuta egon dira, bigarren gauez, 40 bat irakasle, 'Hitzarmen duina, orain' lelopean.
¿¿ IRAKASLEAK: BEDERATZIGARREN GREBA EGUNA ¿
— ELA Hezkuntza (@ELAHezkuntza) April 2, 2025
Abiatu da manifestazioa Gasteizen.
¿ IZUGARRIA GAURKO JENDETZA, GERO ETA GEHIAGO GARA¿¿
HAU DA BIDEA, LORTUKO DUGU¿¿#GREBARA #PublikoaIndartu pic.twitter.com/tys44EHzKv
Haizea Arbidek (Steilas) azaldu duenez, behin grebak bukatuta Hezkuntza Sailak noiz deituko "zain" geratuko dira, eta espero dute hurrengo proposamenak aldarrikapenak asetzeko "eduki nahikoa" izatea. "Irakasleriak behar dituen neurriak zeintzuk diren jakiteko modurik onena irakasleak entzutea da", argudiatu du.
Aritz Villarren (LAB) ustez, langileek "argi eta ozen" adierazi diote Hezkuntza Sailari "badela garaia lan-baldintzak hobetzeko". Gogora ekarri duenez, irakasleak 15 urte daramatzate lan-hitzarmena berritu gabe, eta defendatu du "langileen baldintzak hobetzeak zerbitzua hobetzea" ekarriko duela. Deitoratu duenez, "hilabeteak eta urteak" daramatzate Hezkuntza Sailaren "atzetik" eta greba-deialdiekin etorri dira "pauso txiki batzuk". Hala, Sailari negoziazio-mahaia deitzeko eskatu diote, "behingoz negoziazio erreal bat egon dadin".
Hezkuntza Sailak eskatutako "lasaitasuna" hizpide hartu du Miren Zubizarretak (ELA). Horren esanetan, "lasaitasuna ez da isiltasuna". Salatu duenez, "Jaurlaritzak planteatzen duena, 'baretasuna' eta 'borondatea' moduko hitzekin leunduta bada ere, greba-eskubidearen perbertsio bat da".
Azkenik, Sonia Aldave (CCOO) azpimarratu du irakasleak "oso haserre" daudela "urteak" daramatzatelako euren "lan-baldintzak hobetu barik". Hori horrela, "benetako negoziazioa" eskatu dio Hezkuntza Sailari.
Hezkuntza Saila, "eskua luzatuta"
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, Jaurlaritzatik "beti" izan du negoziatzeko borondatea, eta orain ere, "eskua luzatuta" dauka sindikatuekin hitz egiteko. Dena dela, ohartarazi du Hezkuntzako arduradun gisa "erantzukizun bat" baduela "negoziazio eraginkor, serio eta emakorra izan dadin hezkuntza-sistema hobetzeko".
Gogora ekarri duenez, Sailak hiru akordio erdietsi ditu Hezkuntzako beste eragile batzuekin, eta berretsi du euren asmoa dela "akordiorik ahalik eta onena" lortzea irakasleen ordezkariekin.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa