09:35

Ekonomia

Greba Hezkuntzan

Zeintzuk dira Hezkuntzako gatazkan Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko desadostasunak?

E. G. | EITB Media

Hezkuntza Sailak akordiorako proposamenaren dokumentua kaleratu zuen atzo, bileraren aurretik. Negoziazio luzeen ostean, sindikatuek ez dute onartu, baina ez ez dute puntuz puntu erantzuteko astirik izan. Diotenez, proposatutakoa euren aldarrikapenetatik urrun dago.

  • Hainbat haur, ikastetxe bateko patioan.

    EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan dago deituta greba. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Negoziazio luze bezain antzuen ondotik, gaur, bihar eta etzi, eta datorren asteko astearte eta asteazkenerako greba deitu dute EAEko unibertsitatez besteko hezkuntza publikoan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuak luze egon dira bilduta, baina ez dute akordiorik lortu. Zeintzuk dira, bada, desadostasunen iturri nagusiak? Hona, alde batek zein besteak emandako gakoak:

Hezkuntza Sailaren proposamena, xehe

Bi aldeen bilera luzearen aurretik, Begoña Pedrosak zuzentzen duen Sailak sindikatuei aurreakordiorako egindako proposamenaren berri eman zuen. Bederatzi puntuko dokumentuak, besteak beste, irakaskuntza orduak murrizteko, baliabideak handitzeko, zama burokratikoa murrizteko eta langile interinoen lan-baldintzak hobetzeko neurriak jasotzen zituen. Honako hauek dira proposamenaren puntu nagusiak:

- Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan irakastorduak 22 ordura murriztea datorren ikasturtean, eta 21era, hurrengokoan. Irakaskuntza ertainetan, 17 orduko gehieneko muga.

- Datorren ikasturterako (2025-2026) baliabideak handitzea (aholkularien figurak indartuta, ongizate emozionalerako koordinatzaileari orduak gehituta eta ikasle etorri berrientzako hizkuntza programak indartuta).

- Erretiroa hartzear dauden (60 urte baino gehiago) irakasleentzako irakastorduen herena murrizteko aukera, mugarik gabe eta soldata osoa kobratuta. Gainera, irakastorduen murrizketa metatzeko aukera, urte eta erdian (3. hilabetetik aurrera ikastetxera bertaratu gabe).

- Burokrazia murrizteko batzorde bat eratzea, gehienez bi hilabeteko epean.

- Bitarteko langileen lan baldintzak hobetzea: 165 egun lan eginda uda osoa kobratzea, 55 urtetik gorakoentzat plan espezifikoak lantzea, edota lizentzia eta baimenetan parekotasuna bermatzea funtzionarioekin.

- Bitartekotasun tasa % 5era jaistea, eta lan-eskaintza publikoen deialdietako gaitegiak eta materialak euskaraz prestatzea.

- Adingabeko seme-alabak medikuenera laguntzeko baimenak eta gurasotasunagatik bi aste gehiago (jarraian hartuta) izateko baimenak ematea.

- Azterketa medikoak hiru urterik behin egitea, edota arrisku psikosozialen azterketak egitea lanpostu guztietan.

- Soldaten alorrean, hezkuntza-inguruneen konplexutasuna aitortuko duen plana egitea, eta hurrengo hiru ikasturteetan soldata gordina gutxienez % 5 igotzea. Zuzendaritza taldeetako langileen ordaingarriak % 30 igotzea.

Sindikatuen erantzuna

Jakina denez, grebak deitu dituzten lau sindikatuek ez dute eskaintza onartu, eta momentuz behintzat (bart amaitu da bilera), ez diote Sailaren proposamenari puntuz puntu erantzun.

Steilasek balorazio orokorra baino ez du egin.

LABek, "berme eta eduki falta" egotzi dizkio Hezkuntza Sailaren proposamenari, eta besteak beste, hezkidetza eta euskara koordinatzaile figurak txertatzea, eta soldaten eta lan-zamaren gaiak konpontzea aipatu du ezinbesteko.

ELAk balorazio xeheagoa egin du, eta honakoak zerrendatu ditu: ratioak jaisteko neurrik ez egotea, burokrazia murrizteko neurriak zehatzak ez izatea, baliabideen igoera % 1ekoa izatea, planteatutako soldata igoera erosahalmena errekuperatzeko nahikoa ez izatea eta interinoen tasa erreala jaisteko edukirik ez planteatzea.

Azkenik, CCOOk honakoak aipatu ditu: beste funtzionarioek lortutako soldata igoeratik "oso urrun" egotea, lan kargaren murrizketa "desio onetan uztea" eta langileen gaztetzeari buruzko hobekuntzak "eskasak" izatea.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen