18:26

Ekonomia

Greba hezkuntzan

Hezkuntza Saila eta sindikatuak irakasleen greba geldituko lukeen akordio bat negoziatzen ari dira

EITB Media

Negoziazioak etengabeak izan dira arratsaldean Lakuan, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko sindikatuekin akordio batera iristeko saiakeran. 23:00etan bi aldeek bilduta jarraitzen zuten.

  • Irakasleen manifestazio bat, urtarrilean. EFE.

    Irakasleen manifestazio bat, urtarrilean. EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hezkuntzan greba deialdiek markatutako astea abiatu da gaur, Hezkuntza Sailak eta sindikatuek joan den astean sukaldeko eta garbiketako langileentzat lortutako akordioaren ostean. Horien grebak bertan behera geratu ziren; ez, ordea irakasleena, eta unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 27.000 irakasleak grebara deituak daude. 

Hala ere, azken ahalegina egin dute gaur greba deitu duten sindikatuek (LAB, Steilas, ELA eta CCOO) eta Eusko Jaurlaritzak, eta azken unera arte saiatuko dira irakasleen lan-baldintzak negoziatzen.

Bi aldeak 16:00etarako zuten hitzordua negoziazio-mahaiaren bueltan (Interinoak eta UGT ere ordezkatuta daude). Nolanahi ere, gertuko iturriek EITBri baieztatu diotenez, Hezkuntza Sailak aurreakordiorako proposamena igorri die bileraren atarian sindikatuei, eta azken horiek dokumentua aztertzeko denbora behar izan dute. Azkenean, batzarra 19:10 aldera abiatu da, eta 23:00etan bi aldeek bilduta jarraitzen zuten.

Sailak sindikatu bakoitzarekin aldebiko bilerak egin ditu arratsaldean, eta sindikatuak beraien artean ere batzartu dira.

Xehetasunik eman gabe, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak jakinarazi du proposamena "ona" dela, eta ildo beretik mintzatu da Blanca Guerrero Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuko sailburuordea ere, Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketa batean. Azpimarratu duenez, Sailak "eginahalak" egingo ditu greba bertan behera geratzeko, eta ohartarazi du "pilota sindikatuen teilatuan" dagoela orain.

Sindikatuak, ezkor

Sindikatuek, baina, salatu dute eguerdia pasatxo jaso dutela proposatutako edukien informazioa, eta susmoa dute Saila "fikziozko negoziazio" bat egin nahian dabilela berriro ere.

Akordiorik lortu ezean, ordea, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko irakasleak grebara deitu dituzte martxoaren 25ean, 26an eta 27an eta apirilaren 1ean eta 2an.

Sindikatuek, besteak beste, soldatak igotzea eta lan-karga txikiagoa izatea eskatzen dute. 

Joan den asteazkenean, sindikatuek greba deialdia erregistratu biharamunean, Hezkuntza Sailak eskaintza bat jarri zuen mahai gainean: "irakasleentzako soldata-hobekuntzak, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako eskola-orduak murriztea, baliabide osagarriak indartzea eta langileak gaztetzeko plan bat" jasotzen dituena, neurrien xehetasunak zehaztu gabe, hala ere. 

Nabarmendu zuenez, eskaintzak "argi eta garbi erantzuten die sindikatuen aldarrikapen nagusiei", eta lan-baldintzak hobetzeko Jaurlaritzak duen konpromisoa islatzen du, "betiere kudeaketa arduratsu batetik eta kalitatezko hezkuntza-sistema bat bermatzera bideratuta".

Sindikatuek, haatik, ez dute aurrerapen handirik ikusten lan-baldintzen negoziazioan, eta azken orduak zukutuko dituzte akordio bat lortzen saiatzeko.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen