Ekonomia
INBERTSIOA
Agentziak | EITB MEDIA
Administrazio kontseiluak 400 milioi euroko balioa duten Iberdrolaren akzioak fundazio akziodunetara eskualdatzeko proposamena egin zuen, eta Kutxabanken akziodunen batzar nagusiak eragiketa baimendu du.
Kutxabankeko egoitzaren irudia. Argazkia: EFE
Kutxabank erakundeak Indar jarri du martxan enpresetan epe luzeko inbertsioak egin ahal izateko, kapitalean 500 milioi euroko hasierako inbertsioa egiteko ahalmenarekin.
Euskal finantza erakundeak jakinarazi duenez, duen posizioa indartu nahi du ekonomia- eta industria-sarea dinamizatzen eta enplegua sortzen, eta horregatik sortu du Indar, enpresa-ekimen estrategikoak sustatzeko eta finantzatzeko.
Indar bitartekoaren inbertsioetarako estrategiak eta filosofiak zorroa dibertsifikatua izatea ekarriko du, eta inguruko enpresa kotizatu gabekoetan edo kotizatuetan inbertituko du. Enpresa eragileak izango ditu xede, negozio eredu sendokoak eta hazkunde eta hedapen proiektuetan murgildutakoak; epe luzeko inbertsioak egingo ditu horretarako, eta balioa sortzen lagunduko die.
Inbertsioak aztertu eta irizpide profesionalen eta merkatu-irizpideen arabera egingo dira eta, horrenbestez, finantzen ikuspegitik zein ikuspegi estrategikotik erakargarri diren enpresetan inbertituko da. Era berean, fundazio akziodunekin eta beste inbertitzaile batzuekin enpresetan baterako inbertsioak egiteko aukerak aztertuko dira.
Indar bitartekoak kudeaketa egitura propioa izango du, profesional espezializatuekin, eta, kudeaketa lanetarako autonomia izateaz gain, profesional horiek Kutxabanken baliabideak baliatuko dituzte.
"Kudeaketarako lantalde propioa duen inbertsio bitarteko bat sortzea lagungarri izango da inbertitzaileak Indarren sartzeko, baita etorkizunean kotizatzeko ere, hala badagokio", adierazi du Kutxabankek.
Erakundearen akziodunak diren BBK, Kutxa eta Vital fundazioek ongietorria egin diote inbertsio bitarteko berriari eta, era berean, "enpresa sarea indartzeko konpromiso historikoa" nabarmendu dute, partaidetzapeko bitartekoaren bitartez areagotu baita orain, inbertsio ekosisteman txertatuta.
Indar bitartekoaren kontseiluak Jose Iturriaga izendatu du zuzendari nagusi, finantzen eta inbertsioen sektorean eskarmentu handia du eta.
Jose Iturriaga (Zarautz, 1975) hainbat urtez aritu da Londresen eta Madrilen lanean, Goldman Sachs taldearen Fusio eta Erosketa departamentuan, eta Tubos Reunidos taldean finantza arloaren zuzendari nagusi ere izandakoa da.
Berriki, Zor Pribatuko Funtsaren arduradun izan da Talde Gestión, SGEIC enpresan, eta gaur egun Flysch Industrial enpresaren bazkide-sortzailea da.
Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaria da, CFA, Finantzetako masterra egin du ICAI-ICADE unibertsitatean, eta Master in Business Administration Finantzak, Kudeaketa Estrategikoa eta Kontabilitatea espezialitatean The Wharton School erakundean, Pennsylvaniako (Filadelfia, AEB) unibertsitatean.
Bestalde, Kutxabanken administrazio kontseiluak 400 milioi euroko balioa duten Iberdrolaren akzioak fundazio akziodunetara eskualdatzeko proposamena egin zuen, eta Kutxabanken akziodunen batzar nagusiak eragiketa baimendu du. Europako Banku Zentralaren onespena ere badu eragiketak.
Operazioak bi helburu ditu: alde batetik, bankuaren arrisku profila indartzea, energiaren arloko esposizioaren metaketa doitzen delako, eta industria zorroa dibertsifikatzeko marjina lortuko du; bestetik, Euskadin oso errotuta dagoen erakundea izaki, Iberdrolan egun duen partaidetzari eustea.
Akzioak eskualdatzeak ez du eraginik izango bankuaren negozio planetan, ezta dibidenduak banatzeko ohiko politikan eta kaudimen mailan ere. Kutxabank da Estatu osoan kaudimen maila handiena duen finantza erakundea, Europak gainbegiratuta, eta 2024ko ekitaldia ixtean, CET1 phased-in ratioa % 17,46 izan du, eragiketa hori kontuan hartuta.
Azkenik, Kutxabanken akziodunen batzar nagusiak 83,8 milioi euroko konturako dibidendua banatzea ere onetsi du, 2024ko ekitaldiaren kontura. Gainera, bankuaren gobernu organo gorenak kontseilari kargua berritu dio Hipolito Suarezi, lau urte gehiagorako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa