Itxi

Ekonomia

Kontuen aurkezpena

2013an Gipuzkoako aurrekontua % 2,67 jaistea proposatu du Bilduk

Erredakzioa

Lurraldeak 661 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Bilduren lehentasunak politika soziala eta GI-636 errepidea izango dira.

01:22
Gipuzkoako Aldundiak 611 milioi euro izango ditu, aurten baino %2,6 gutxiago

2013ko Gipuzkoako aurrekontu proposamena aurkeztu du Bilduk, astelehen honetan. Lurraldeko aurrekontuak % 2,67 jaitsiko dira (661 milioi euroko aurrekontua) iazkoarekin alderatuta. Halaber, Bilduren gobernuaren lehentasunak politika soziala eta GI-636 errepidea izango dira.

Aurrekontuen berri emateko, prentsaurrekoa eskaini dute Martin Garitano ahaldun nagusiak, Helena Franco Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatuak eta Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak. Ekitaldi horretan, Martin Garitanok eta Helena Francok Lohitzune Txarolari eskura eman diote 2013rako aurrekontu proposamena.

Garitano baikorra da eta aurrekontu “aurrerakoi” horiek aurrera ateratzea espero du. Ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, egoera ekonomiko zailari aurre egiteko, “gogoz” egindako aurrekontuak dira, eta Bilduren kudeaketa ezaugarriei eutsiko die.

Aurrekontuen jaitsierak eragina izango du departamentu guztietan, Mugikortasun eta Azpiegitura departamentuan izan ezik. Azken horretako aurrekontua 117 milioi eurokoa izango da, eta igoera 21 milioi eurokoa izango da 2012. urtearekin alderatuta. Diru horrekin, GI-636 errepideko (Deskarga) azken zatia amaitzea, eta txartel bakarraren proiektua aurrera ateratzea ditu helburu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Hala ere, aurrekontuaren zatirik handiena, 318 milioi euro, politika sozialera bideratuko du Gipuzkoako Diputazioak. Garitanok jakinarazi duenez, “etxegabetzeen olatua” geldiarazteko hainbat dinamika bultzatu nahi ditu berak zuzentzen duen erakundeak.