19:59

Ekonomia

Krisi sakonagatik

Larak pobreziaren aurkako plana proposatu dio Rajoyri

Erredakzioa

IUko koordinatzaile nagusiak langabeziaren eta pobreziaren aurkako plan bat azaldu dio Gobernuko buruari, 1.500 milioi eurokoa.

  • Cayo Lara IUko burua eta Mariano Rajoy Gobernuko presidentea.

    Cayo Lara IUko burua eta Mariano Rajoy Gobernuko presidentea. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari langabeziaren eta pobreziaren aurkako plan bat proposatu dio, 1.500 milioi eurogatik. Indar politiko guztiek esku hartzea ere aholkatu dio, etxegabetzeen arazoari irtenbidea jartzeko.

Larak proposamen hori egin dio Rajoyri, Moncloa Jauregian izandako bileran. IUko buruak, horren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, "zintzotasunez eta argitasunez" egin dute.

IUko buruak esan du ez dela Rajoy "politika zehatz batzuk zein gaizki egiten ari den" esatera joan Moncloara, krisiaren aurrean proposamenak aurkeztera baizik. Halaber, presidenteak neurriak ondo begiratuko dituela nabarmendu du.

Ordu eta erdi (aurreikusitakoaren bikoitza) iraun duen bileran, ez da erreskatearen gaia irten. Lararen hitzetan, Rajoyk badaki ezin duela defizita mantendu, ezta zor "hain altua" ere; hori Gobernuko presidentearentzat kezka handia dela azpimarratu du.

Larak argi utzi dio aurreikuspen ekonomiko guztiak beherantz egiten ari direla (gaur bertan Europako Batzordeak Espainiaren defizita 2013rako % 1,4ra pasatu du, Gobernuak % 0,5ean jarri zuen).

Gobernuak egindako murrizketek eta doitasun neurriek ekonomia "uzkurtu" dutela nabarmendu du. Halaber, Larak bere egoera familiarra azaldu dio Rajoyri: bi seme-alabek unibertsitateko karrerak dituzte, bata langabezian dago eta bestea kanpora joan da han lan bat aurkitzen saiatzeko.

"Hori ez da herri honentzako etorkizuna", azaldu du Larak, eta Rajoy errealitatearen jakituna dela gaineratu du, defizitaren eta zorraren arazoak konpontzen oso zentratuta egon arren.

Ez du bileratik promesik eraman, baina bai Rajoyk proposamenak aztertuko dituen konpromisoa, besteak beste, lanpostuak sortzeko planarena, lan erreforma bertan behera uztearena eta Europako batez bestekoarekin zerbitzu sozialen konbergentzia proposamenarena.






Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena